Hego Euskal Herria
Eskualdean bezala, EAEn (208.151) zein Euskal Herrian ere (220.757) jeltzaleek irabazi dituzte hauteskundeak, Ciu eta CCrekin batera osatutako CEU koalizioak 3 legebiltzarkide lortu dituela, tartean Izaskun Bilbao bermeotarra. Atzean, 220.200 botorekin, EHBildu gelditu da (lehena Hego Euskal Herrian), koalizioak ere helburua lortu eta Josu Juaristi Estrasburgora bidaliko duela. EAJk Bizkaian eta Ipar Euskal Herrian lortutako abantaila, Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan orekatu du koalizioak. Ipar Euskal Herrian, UMP nagusitu da eta Alliot-Marie Estrasburgon aulkia eskuratu du. Hainbat hiri handitan, Fronte Nazionala izan da bigarren indarra, abstentzio altua baliatuta.
PSOEk 135.627 boto lortu du Hego Euskal Herrian, erdia galduta, eta Ramon Jauregi, Eider Gardiazabal eta Iratxe Garciarentzak jesarlekuak lortu ditu. PPk 131.316 boto-txartela bilduta, PSOEk baino hobeto eutsi dio zaparradari, heren bat "besterik" ez baitu galdu. Bosgarren espazioa desagertzear zegoela uste zuenak albiste txarra izan ditu bart, Podemos / Ahal Duguk 72.000 bat babes eta IUk beste 62.000 bat jasotzean. Aipatzekoa da 100.00 bat lagunek bestelako hautagaitzen artean barreiatu dituztela botoak.
Estatu espainola
Arias Cañete ministro ohiak gidatutako zerrenda popularra izan da bozkatuena Espainian bart egindako Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Halere, bildutako 4.074.363 botoek eta PSOEren aurretik kokatu izanak ezin dute ezkutatu PPk jasotako zigorra. Orain bost urte izandako 6.670.377 sufragioetatik %39 galdu dute, murrizketa politikak, abortuaren lege proiektua eta ustelkeria zantzuak tarteko. Gainera, ezin izango diote errua abstentzioari bota, parte hartzea ia puntu bat igo delako. Gauzak horrela, PPk zituen 24 jesarlekuetatik 8 utzi ditu bidean. Mingarrien, Carlos Iturgaiz Angulo Uribe Kostak zuen eurolegebiltzarkide euskaldun bakarrari egin zaio. 17. zihoan popularren zerrendan eta azken orduko ustekaberik ezean Estrasburgotik at geldituko da, atea aurpegiaren aurrean itxi diotela boto-emaileek. "Dezepzioa" onartu du berak. Etorkizun laburrean jarraitzekoa izango da Iturgaizen afera, Euskal Herriko politikara bueltatuko den ala arlo pribatura erretiratuko den jakiteko. Gauean egindako agerraldian ez du horri buruzko pistarik eman. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hautesleei eskerrak eman dizkie PP bozkatu eta Espainian hauteskundeak irabazten laguntzeagatik. Ondoren, azpimarratu du PPk botoak galdu arren, bozketa irabazi duela, PSOEk botoak galdu ez ezik hauteskundeak ere galdu dituen bitartean. PPk Pablo Zalba nafarra eta Antonio Lopez-Isturiz bidaliko ditu Estrasburgora.
Iturgaitzek erabilitako hitza, "dezepzioa", ahoan izan du Eider Gardiazabal eurolegebiltzarkide eta hautagai sozialistak ere. Ramon Rubial PSOEko buruzagi historiko erandioztarra zenaren iloba mantenduko da Estrasburgon, baina bere taldeak 9 kide gutxiago izango ditu, 14, Elena Valenciano buru zuen zerrendak 2,5 milioi boto (%41) galdu ostean. Hego Euskal Herrian eta Katalunian gogorragoa izan da jipoia. Perez Rubalcabak orain arte erabilitako oposizio lasaiak ez ditu hautesleak konbentzitu eta, gaurtik aurrera, ikusi beharko da ea PSOEren Batzorde Federala bera ere jada konbentzitzen duen.
Txikiak, pozik
Gaua ospatu ahal izan dutenak IU, UPyD, Ciudadanos, Equo eta, batez ere, Podemos izan dira. IU, ezkerreko koalizio klasikoa, ia hirukoiztu du bere babesa, 1,5 milioi boto eta 6 jesarleku batuta. 300.000 sufragiora gelditu zaio atzora arte Cayo Lara IUko koordinatzaile nagusiak kontuan hartu ez duen indar berria, Podemos. Pablo Iglesiasek koordinatutako formazioak lau hilabete eskas daramatza politikan eta 2009an 19.000 boto batu zuen Izquierda Anticapitalista alderdiaren sostengu antolatua baino ez zuen. Halere, Iglesiasen karisma, programaren diseinu herrikoia, bankuengandik libre izateko finantziazio txikia eta zuzena eta M-15ean parte hartu zuen hainbat lagunen parte hartzeak lagundu dute alderdiaren mezua hauspotzen krisi garai honetan. Hurrengo helburua dagoeneko finkatu du Iglesiasek: Espainiako hauteskundeak. Eta Podemos sortu zenean bezala, ezkerreko politiken inguruan akordioetarako prest dagoela azpimarratu du. Orduan aitortu ez zioten autoritatea onartu beharko diote orain IU, Equo eta ezkerreko beste indarrek.
UPyDk ere giharra agertu ahal izango du. Bikoiztu ditu bere babesak eta milioi baten bueltan dabil egun. Legebiltzarkide bakarraren ordez, lau izango ditu Estrasburgon, Maite Pagazaurtundua eta Fernando Maura, tartean. Getxoko PPren presidentea izan zen Maura.
Euskal Herriko zerrenda abertzaleak bezala, ez da hauteskundeetatik gaizki irten CiU koalizioa. EAJ eta CCrekin batera, Europan zituzten 3 diputatuak mantendu dituzte eta 100.000 boto gehiago bildu dituzte, ia 2009an baino %20 gehiago. Halere, ez dira Principateko lehen indarra izan, ERCk PSCko hainbat disidenterekin batera sortutako koalizioak ia 600.000 boto eta 2 legebiltzarkide lortu dituztela Katalunian. Nazio berean sorburua izan duen Ciudadanos zerrendak ere bi diputatu izango ditu Europako Legebiltzarrean, milioi erdi boto-txartel bilduta. Azken hautagaitza Europako klubean sartzen Primavera Europea izan da, Equok, PUM+J-k eta Conpromisek sortutako koalizio berdea. 300.000 botoz, ordezkari bat izango dute. Atarian, ultraeskuineko zerrendarik txukunena gelditu da, Vox. 244.929 boto ez dira nahiko izan. Bestelako zerrenda guztien artean ia beste milioi bat boto bildu dira. Gauza txikia, abstenitu diren 18 milioi luzerekin konparatuz gero.
Uribe Kosta
Barrika
Berango
Erandio
Getxo
Gorliz
Leioa
Lemoiz
Plentzia
Sopela
Urduliz