Hileko azken ostiralean presoen ikasteko eskubidearen alde batuko dira

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko mai. 27a, 19:56

Euskal preso politikoek ikasteko daukaten eskubidearen aldeko dinamika propioa eramaten ari dira aurrera LAB, EILAS, ELA eta Ikasle Abertzaleak. Uribe Kostan, oraingo honetan, Ernai eta Etxerat batu zaizkie, EHU eta Lakuako agintariei hezkuntza eskubidea gauzatzea eskatzeko; hau da, "edozein espetxetan dauden euskal preso guztiei, doan ikasteko eskubidea bermatzea, hemengo ikastetxeetan eta euskaraz". Kontuan hartuta maiatzaren 30a ikasturteko azken ostirala dela, aldarrikapen hori herrietako deialdietara zabaltzea erabaki dute. Beraz, Uribe Kostako herrietan burutuko diren kontzentrazioetara joateko eskatu diete herritarrei. Ondokoak dira hitzorduak: 19:30ean, Armintzako autobus geltokian; eta 20:00etan, Erandioko metro geltokiko zabalgunean, Astrabuduko Josu Murueta plazan, Leioako Bulebarrean; Itzubaltzeta / Romoko Xake plazan, Algortako Telletxe plazan, Berangoko pilotaleku aurrean, Sopelako Udaletxeko plazan; Urdulizko metro geltoki parean, Plentziako piruli aurrean eta Gorlizko Txokoetxe tabernaren aurrean. Argazkian, Sopelan egin zuten agerraldia atzo LAB, ELA, EILAS, Ernai, Ikasle Abertzaleak eta Etxerat-en Uribe Kosta mailako ordezkariek / © Uribe Kostako IA.

LAB, ELA, EILAS, Ernai, Ikasle Abertzaleak eta Etxerat eragileek gogoratu dute "danon inplikazioa ezinbestekoa dela preso eta iheslarien egoera larriekin bukatzeko eta eskubideak bermatzeko". "Beraz, beste behin ere, eskatu nahi dizuegu zuek guztion parte hartzea. Eskubide guztiak errespetatuak izateko daukagun berme bakarra, gizartearen mobilizazioan kokatzen da. Beraientzako funtsezkoak gara, beraz, mobilizatu", amaitu dutenez.

LAB, ELA, EILAS, Ernai, Ikasle Abertzaleak eta Etxerat-ek zabaldutako adierazpena:

Ikasteko eskubidearekin, ikasle presoak klasera!

Hezkuntza eskubidearen oinarrizko irizpideak Jende Eskubideen Aitorpen Unibertsalean agertzen dira: “Pertsona orok du hezkuntza-eskubidea. Hezkuntza dohainekoa izango da oinarrizko ikasketei dagokienez behintzat …”

Aitorpen Unibertsalak hasitako ibilbideari jarraituz, Europako hainbat legek jaso dute hezkuntza eskubidea, Frantziako eta Espainiako Konstituzioek barne.

Errealitatean, aldiz, euskal preso politiko guztiek ezin dute Euskal Herriko unibertsitate publikoetan ikasi. Izan ere, Espainiako espetxeetan dauden presoei EHUn ikastea galarazi diete eta Frantziako espetxeetan hainbat presok ez dute izena eman, ikasteko beka ukatzen dietelako. Unibertsitatean ez, baina Estatu bietan preso dauden hainbat ikasle ertainetako ikasketak egiten ari dira hemengo ikastetxeetan.

Nork bere gaitasunak garatzeko bide bat da hezkuntza, kulturari eta jendarteari zabaldutako leihatila bat, etorkizunean heziketa hobea izateko aukera bat... Hori guztia ez dator bat Madrilen eta Parisen martxan jarri duten presoak suntsitzea xede duen espetxe politikarekin.

Hezkuntza debekua euskal presoak bakartzeko politikan kokatzen da: urruneko espetxeetara eramatea, bertan isolatzea, lagunen bisitak oztopatzea, lege edo osasun arreta egokirik ez izatea … Sakabanaketak euskal preso politikoei urruntze fisiko, afektibo eta soziala ekarri die.

Horregatik, espetxe politika injustu horien gainetik, euskal presoei hemengo ikastetxeetan, EHU barne, kalitateko hezkuntza jasotzeko eskubidea bermatu behar zaie.

2003 urtean kaleratu zituzten ikasle presoak EHUtik, eta oraindik ez da lortu beharreko hitzarmena Espainiako espetxeetan dauden presoek bertan ikas dezaten. Horregatik, EHU eta Lakuako agintariei hezkuntza eskubidea gauzatzea eskatzen diegu: edozein espetxetan dauden euskal preso guztiei, doan ikasteko eskubidea bermatzea, hemengo ikastetxeetan eta euskaraz.

Antzineko mugarriak baztertu eta hitzetatik ekintzetara igarotzeko unea da. Urteotan, agintariek agertu duten hezkuntzaren aldeko diskurtsoa praktikara ekartzeko unea, hots, preso dauden ikasleak Euskal Herriko ikastetxeetara ekartzeko unea.

Guzti honegatik, maiatzaren 30ean Uribe Kostako herrietan “Ikasteko eskubidearekin, ikasle presoak klasera!” lelopean deituko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen diogu herritar orori.

ELA, LAB, EILAS, Ikasle Abertzaleak, Ernai eta Etxerat

Ikasturteko Azken Ostirala

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun