Musika lehiaketaren oinarriak (pdf)
Larunbateko herri bozketaren kartela

Abuztuaren 2an eta 5etik 10era ospatuko dira aurten Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako jaiak. Horri begira, diseinu lehiaketa antolatu zuen bertako jai batzordeak, festei irudia jarriko dieten hiru elementuak aukeratu eta egileak saritzeko asmoz: jai kamisetak alaituko dituen marrazkia, zapietan erreproduzitzeko logoa eta 3.000 jai-liburuxken azala izango den irudia. 16 sortzailek parte hartu dute kategoria horietan eta dagoeneko lehiaketako oinarriak bete dituzten 26 lan ikusgai daude La Mona tabernan (10 liburuxka, 8 zapi eta 8 kamiseta). Diseinuak bertan izango dira ostiralera arte. Hurrengo egunean, larunbata, maiatzak 31, herri bozketa burutuko da Santa Eugenia plazan (edo San Jose elizan, euria eginez gero), goizeko 12etatik arratsaldeko 6etara. Parte hartzeko, nahikoa izango da argazkia duen agiriren bat erakustea. Horrelakorik ez duten umeen kasuan, familia agiria eraman beharko da. Pertsona bakoitzak diseinu bakarra aukeratu ahal izango du kategoria bakoitzeko. Hautestontzia itxita, botoen zenbaketa egin eta egun berean jakinaraziko dira irabazleak. Sariak, baina, abuztuaren 5eko herri bazkarian emango dira. Argazkian, Itzubaltzetako jaietako irudi bat.

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!