Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak kontratuaren helburuak azaldu zituen, hala nola, "zerbitzuen kalitatea hobetzea, Europako zuzentarau berriak, Bizkaiko hondakinen gaineko osoko planeko kontzeptuak eta, bereziki, hiritarren eskaera eta jokaera berriak gehitu". Helburuen artean ere omen dago Getxo garbi edukitzea, modu jasangarri eta malguan, hiritarren parte-hartze eta inplikazioa areagotzea, aipatu zerbitzuak orientatzeko komunikazio-plan baten bidez, eta Ingurumen Foroaren barruan lantaldea sortzea, hori guztiaren jarraipena egin dezan. Halaber, edukiontziak edozeinek erabiltzea eta, oro har, inpaktuak, esate baterako, zarata, txikiagotzea lortu nahi da.
Helburuak
Udal arduradunek adierazi dutenez, kontratuaren helburuetako bat da, horrek irauten duen bitartean, zortzi urtean, hondakinen %50 modu selektiboan biltzea eta bereiztea. Eta kontratuak honako "berrikuntza" hauek jasotzen ditu: bosgarren edukiontzia edo kontainer marroia ipintzea, zabor organikoa modu selektiboan batzeko (pertsonalizatutako baimen edo atariko bilketaren bidez egingo da bilketa); urtebetean edukiontzi-flota berritzea; eta 6 eta 9 arteko gune berriak ezartzea lurperatutako edukiontziekin, etxeko olioa batzeko kontainerra, saltokietan kartoia eta bilgarrien zuzeneko bilketa, eta merkatu, fruta-denda eta arrandegietako hondakinen sorburuko bilketa.
Horrez gainera, kontratu berrian ere aurreikusten da igande eta jaiegunetan eta arratsaldetan oinezkoentzako guneetan garbiketa zerbitzuak indartzea; parke publikoetako egoteko zonak gehiago eta hobeto garbitzea; paperontziak aldatzea; eta Gobelako ibilgu eta ezpondak urtean hiru aldiz (gaur egun bi) garbitzea eta Bolue eta Kandelu urtean birritan.
Udalaren ingurumen-guneari dagokionez, garbigune bat ipintzeko aukera aztertuko dute; inpaktuak murrizteko neurriak ere hartuko dira, besteak beste.