Kritikez gain, EH Bilduk hainbat proposamen luzatu ditu 2014ko udal aurrekonturako. Besteak beste, herriko lan eta hirigintza obrak formazio eta enplegu planetan txertatzea, langabezian dauden bizilagunei lanaldi baterako aukera errazte aldera. Behar larriak dituzten familiei oinarrizko jakiak bermatzeko diru laguntzak ere proposatu ditu, baita herriko gazteen jarduerak babesteko diru laguntzak ere.
Koalizioak nabarmendu du "elkarrizketa eta negoziaziorako prestutasun osoa" duela, Gorlizentzat garrantzizkoak diren proiektuak aurrera ateratzeko. Aldiz, EH Bilduren ustez, "onartezina" da pisuzko erabakietan, aurrekontuen onarpena kasu, EAJk "akordiorako inolako saiakerarik ez" egitea eta "Arrazionalizazio Legea modu interesatuan baliatzea, inorekin adostasunik bilatu behar ez izateko".
Azkenik, EH Bilduk ohartarazi du "EAJk udal kontuetako gerakinetik kreditu modifikazioa egin nahi duela hainbat proiektu gauzatzeko". "Besteak beste, bi padel pista eraikitzeko proiektua", soberanisten hitzetan. Udaleko oposizioak ezezkoa eman dio 1,4 milioi euroko kreditu modifikazioari eta "EAJk iragarri du plenoaren ezetzaren aurrean, tokiko gobernuaren bidez onartuko dutela eragiketa".