Orain arte, Algorta, Areeta, Getxo, Itzubaltzeta / Romo, Leioa, Erandio eta Plentzian farmaziaz farmazia galdezka ibili ostean, kondoirik eta biharamuneko pilularik saltzen ez dituzten botiken behin behineko zerrenda beltza egin du Uribe Kostako Koordinadora Feministak. Hori horrela, horien "markaketara" ekin diote. Besteak beste, gometza gorriak banatuko dituzte, saltoki horien atarietan jartzeko.
Uribe Kostako Koordinadora Feministak atzo zabaldutako oharra:
Osasunik ez, ondasunik bez!
Gaur, maiatzak 28, emakumeen osasunaren alde egitera deitzen zaigu nazioartean. Emakume asko irtengo gara kalera eta ekitaldi ugari izango dira mundu osoan.
Uribe Kostako Koordinadora Feministak gure bizitza, gorputza, osasuna gureak direla aldarrikatzen dugu ozenki. Gure gorputzak gurea behar du, ez estatuarena, ez eta merkatuena ere.
Argi dugu guk geuk erabaki behar dugula nor eta zer izan, zelan bizi, nor, noiz, non maitatu, nor zaindu, ama izan ala ez, eta ezin dugula onartu guri dagokigun ezer beste norbaitek gure izenean, gure ordez erabakitzen tematzea.
Hezkuntzan, osasungintzan, lanean, jendartean, kalean, familian, etxean jasaten ditugu indarkeria eta bazterketa egunero, egunero. Berezkoa, beharrezkoa baitu kapitalismo patriarkalak emakumeak mendean hartzea, sistemari sendo eutsiko badio. Emakumeok eusten diogu sistema kapitalistari, bizitzen eta ongizatearen oinarrian dagoen zaintzari esker, batik bat. Ugalketa bestalde, bizitza sortzeko gaitasuna alegia, inori lotutako ekintza bada, emakumeoi lotutakoa da, ugalketak berak duen botereaz. Horregatik lotu nahi gaituzte soka motzean beste behin ere.
Gure bizitza ziklo guztiak kontrolatzen dituzte arlo guztietan, eta osasun-sistema funtsezko tresna da jardun horretan.
Abortatzeko eskubidea murrizteko ahaleginak are gehiago harrotu ditu sektorerik atzerakoienak, eta guri erantzutea, antolatzea eta aurre egitea beste biderik ez zaigu geratzen. Erantzungo dugu, erantzun behar dugu, egunero, borroka-modu berriak asmatuz, irudimena, umorea, sareak, elkarlana, ekintza zuzena sustatuz. Emakumeen kontrako erasorik ez erantzunik gabe, hori da gure erronka, gure bidea. Kontzientzia-eragozpenaren aitzakiari kontsumo arduratsuarekin erantzungo diogu.
Horregatik etorri gara gaur hona. Izan ere, eskualdean zehar ibili gara farmaziaz farmazia kondoirik eta biharamuneko pilularik saltzen dituzten galdezka.
Hemen dagoen honek, adibidez, ez ditu saltzen. Guk, orduan, erantzuna hau proposatzen dizuegu, ez erosi hemen, "Osasunik ez, ondasunik bez!" lelopean abiatu dugun kanpainaren bidez. Zabaldu mezua, mesedez. Eskerrik asko.
Orain arteko zerrenda:
Algorta
- Jimenez Sesma (Illeta, 12). Kondoiak bai.
Areeta
- Jose Maria Molina Gastacaren oinordekoak (Paulino Mendibil, 9).
- Arriola (Bidebarrieta, 10).
- Ilardia Arruebarrena (Ibaigane, 9). Kondoiak bai.
Erandio
- Marta Arriola (Obieta, 40)
Plentzia
- Museo Aramburu (Erribera Kalea, 20). Herriko farmazia bakarra da.