Algortako Ernaik zabaldutako oharra:
Ohiko erregai fosilen aztarnategien agortzearen ondorioz, petrolioaren industria iturri alternatiboak bilatzen ari da, eta horren adibide garbia dugu frackinga, ustiaketa zailagoa eta etekina baxuagoa izan arren.
Ustiaketa mota hau AEBetan sortu bazen ere, frackingaren mehatxua ate-joka dugu gure herrian, eta hori geldiarazteko ezer ez egiten ez badugu, hemendik gutxira gure ingurua zulatzen hasiko dira. 2011n, Espainiako Gobernuak Bizkaiko kostaldearen zati handi batean erregaiak ateratzeko zundaketetarako baimena eman zion Frontera Energy Corporation S.L. enpresari, horrek dakarren guztiarekin batera. Baina hori ez da Euskal Herrian jazotzen ari den arrisku bakarra. Izan ere, baimenak eskatu dituzte Arabako lurraren %88an, Bizkaiko %76an eta Gipuzkoako %40an zulaketak abiarazteko.
Enpresa zulatzaileek lehen putzuak 2015erako martxan jartzea aurreikusi dute, baina, euren helburua gure lur-azpian dagoen ez-ohiko gas guztia ustiatzea da, eta hori egiten uzten badiegu, ezagutzen dugun lur guztia zulatuko dute.
Baina, zer da frackingak sortu ditzakeen arazoak?
Teknika horrek lur-azpiko ur guztia kutsatu dezake, guk geuk edateko erabiltzen dugun ura; atmosferara metanoa isuriko du, guk geuk arnasten dugun airea kutsatuz; milaka kamioi toki batetik bestera etengabe aritzea ekarriko du, ura, harea eta gehigarri kimiko arriskutsuak alde batetik bestera garraiatuz. Frackinga martxan jarrita, guzti hori atzeraezina izango da, eta ingurugiroan eta gizakion zein animalien osasunean eragin zuzena izango du, paisaiaren suntsipena eta gaixotasun larriak sortuz.
Frackingaren kontrako herri mugimenduek teknika hori gure lurraldean debeka dadin Herri Ekimen bat aurkeztuko dute Eusko Jaurlaritzan, eta horretarako, herritar guztion sinadura beharrezkoa da.
Guztion artean enpresa zulatzaileek gure lurra ukitu ez dezatela lortuko dugu, ez Getxon, ez inon!
Fracking ez! (© Algortako Ernai)