Itsasora porlan gehiago botatzea suposatu duen proiektu honen sustatzaileek, kontsumo parametrotan neurtzen dute aberastasuna: gurutzontzi handiak datoz = milaka turista datoz = kontsumo gehiago. Pertsonak eurotan baloratzen dituen logika kapitalista hori, gezur batean oinarrituta dago: ez da egia gurutzontziek aberastasun ekonomikoa ekartzen diotenik Getxori. Itsasontzitik jaitsi eta autobusean Guggenheimera doazen bidaiariak, ez diote ekarpenik egiten herri honi; pakete turistiko bereziak eskainita ere, ezer gutxi emango diote, denongatik jakina baita gurutzontzien turismoa aldez aurretik bideratutakoa dela . Kontrara 21 milioi euro xahutu dira kaian, alokairuzko etxebizitza sozialean, Galeako Fortea edo Punta Begoñako galeriak konpontzen edo herriko merkatari eta ostalariak laguntzeko erabili ez diren 21 milioi euro espainol (Estatuak jarri baitu dirua, turistak “España grande y libre” bisitatzera etor daitezen). Eta horrekin batera, kutsadura gehiago Kantauri itsasora, trafiko gehiago herrira...
Kontziente gara gure herriak bertokoak zein kanpokoentzat dituen doai turistikoez; harrotzen gaituzten labar, hondartza, paisai, kultura herrikoia eta auzoak ditugu. Goazen ba horietan inbertitzera, getxoztarrentzat herri bizigarriago bat egiteaz batera, bisitan datozenak goza dezaten. Babestu dezagun itsasoa (Dragarik ez!), zaindu ditzagun hondartzak, babestu ditzagun natur guneak (Andra Mari, Bolue, Larrañazubi...), balorean jar dezagun herri ondarea (Portu Zaharra, Malakateak...), sustatu ditzagun jai herrikoiak eta auzo bizitza, aukerak eman diezazkiogun herriko sortzaileei... Turismoa ekarpen interesgarria egin diezaioke herri honi, herri ekonomia sustatzeko tresnaz gain, hartu-eman eta errespetu kultural eta sozialaren parametroetan ulertzen badugu.
Maitane Nerekan Umaran EH Bildu Getxoko bozeramaleak idatzitako iritzi artikulua.