Artze eta Hernandez 1987an errefuxiatu ziren Estatu frantsesean, ETAren Bizkaia Komandoko kideei alojamendua eman izana leporatzen zietela jakin ondoren. Handik Uruguaira joan ziren eta bertan Espainiako Polizia Nazionalak bahitu eta torturatu zituen. Estatu frantsesera itzultzean, Paben atxilotu zituzten. 1995eko maiatzean, berriz, Montoubannen konfinatuak izan ziren, Euskal Herritik 500 kilometrora. Pili Artzek eta Andoni Hernandezek, euskal errefuxiatu politikoen kolektiboak konfinamendua apurtzeko erabakiarekin bat eginda, Euskal Herrian bizitzeko eskubidea aldarrikatu zuten Baionako katedralean itxialdia burutuz. Azkenean, Arbonan finkatu ziren nahiz eta kanporatuak izateko arriskuan egon. Pasa den martxoan, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak iragarri zuen aurretik idatzitako "bide orria gauzatzen hasi eta gaurtik aurrera etxeratze katean lehen urratsak emanen" zituela. Gaur, Leioarako atzera bueltarekin batera, Andoni Hernandezen urtebetetzea ospatu ahal izango dute.
Ikasturteko Azken Ostirala
Euskal preso politikoek ikasteko daukaten eskubidearen aldeko dinamika propioa eramaten ari dira aurrera LAB, EILAS, ELA eta Ikasle Abertzaleak. Uribe Kostan, oraingo honetan, Ernai eta Etxerat batu zaizkie, EHU eta Lakuako agintariei hezkuntza eskubidea gauzatzea eskatzeko; hau da, "edozein espetxetan dauden euskal preso guztiei, doan ikasteko eskubidea bermatzea, hemengo ikastetxeetan eta euskaraz". Kontuan hartuta maiatzaren 30a ikasturteko azken ostirala dela, aldarrikapen hori herrietako deialdietara zabaltzea erabaki dute. Beraz, Uribe Kostako herrietan burutuko diren kontzentrazioetara joateko eskatu diete herritarrei. Ondokoak dira hitzorduak: 19:30ean, Armintzako autobus geltokian; eta 20:00etan, Erandioko metro geltokiko zabalgunean, Astrabuduko Josu Murueta plazan, Leioako Bulebarrean; Itzubaltzeta / Romoko Xake plazan, Algortako Telletxe plazan, Berangoko pilotaleku aurrean, Sopelako Udaletxeko plazan; Urdulizko metro geltoki parean, Plentziako piruli aurrean eta Gorlizko Txokoetxe tabernaren aurrean.
LAB, ELA, EILAS, Ernai, Ikasle Abertzaleak eta Etxerat eragileek gogoratu dute "danon inplikazioa ezinbestekoa dela preso eta iheslarien egoera larriekin bukatzeko eta eskubideak bermatzeko". "Beraz, beste behin ere, eskatu nahi dizuegu zuek guztion parte hartzea. Eskubide guztiak errespetatuak izateko daukagun berme bakarra, gizartearen mobilizazioan kokatzen da. Beraientzako funtsezkoak gara, beraz, mobilizatu", amaitu dutenez.
Ikasturteko Azken Ostirala