Babes sozial eta ekonomiko bila dabil Getxo Saskibaloi Taldea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko mai. 30a, 20:16

Getxo Saskibaloi Taldeak kanpaina bat antolatu du bazkideak eta babes sozial eta ekonomikoa lortzeko. Kanpainak bi fase ditu. Lehen fasean, talde getxoztarra udalerrian edo kirolaren eremuan oso ezagunak diren pertsonengana eta taldeengana jotzen ari da, eta proposatzen die argazki bat egitea klubaren elastikoarekin eta ekarpen ekonomiko txiki bat egitea. Ekarpen hori baina, Iratxe Bilbao klubeko presidenteak adierazi duenez, “oxigeno-baloi ikaragarri handia da taldearentzat”. Lehen fase horren hasieran, bere babesa eman dute, besteak beste, Imanol Landa Getxoko alkateak eta Alvaro Gonzalez kirol-zinegotziak, Iñigo Iturrate eta Laura Mintegi euskal legebiltzarkideek, Unai Elorriaga idazleak, Iraide Manzano jokalari ohiak, Nekane Ardanza kazetariak, Xabier Leibar Getxoko Hobekuntza Teknikorako Zentroko medikuak eta Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. Kanpainaren bigarren fasean, saskibaloi-taldeak bultzada zabalago bat emango dio proiektuari, helburu handiago batekin: bere bazkide kopurua handitzea. Argazkian, klubeko hainbat neska / © Getxo Saskibaloi Taldea.

Babesa ematen duten pertsonen argazkia klubaren web gunean jarriko dute, diseinu dinamiko batekin, jendeak ikus dezan, klubeko presidentearen berbetan, “nortzuek egiten duten Getxoko klubaren alde, nortzuek babesten duten urtez urte Getxo Saskibaloi Taldeak egiten duen lana”.

Getxo Saskibaloi Taldeak lurralde, erkidego eta estatu mailako zenbait kategoriatan lehiatzen du, emakumeetan eta gizonetan, bai eskola kirolean, bai kirol federatuan. Aldi berean, saskibaloi-eskola bat kudeatzen du eta mini aurreko kategorian, minian, infantil aurrekoan eta infantilean lehendabiziko urratsak egiten ari diren dozenaka neska eta mutilekin ari da harrobia lantzen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun