Leioako jaiak ekainaren 19tik 24ra ospatuko dira aurten, urtero legez San Juan herri zaindariaren omenez. Maritxu Teilagorri txosna batzordeak ekitaldi guztiak oraindik iragarri ez dituen arren, Leioako Udalak dagoeneko publikoki aurkeztu du jaietako behin-behineko egitaraua. Gauzak horrela, ohi bezala, lehenengo egunean Mari Pepa eta Arlote izango dira txupina botatzeko arduradunak, ostean koadrilek jaitsierari hasiera emateko. Jaietan barrena, koadrilek hamaika proba izango dituzte lehia bizian aritzeko, baina haiek ez ezik leioaztar zein kanpotar guztiek izango dute festaz gozatzeko aukera. Kontzertuen atalean, besteak beste, Oihan Vega DJa, Governors, Zea Mays, Galker, Akerbeltz, Ze Esatek, Niña Coyote eta Izerdi Gorria aditu ahal izango dira. Horietaz gain, akelarre herrikoiaren 16. edizioa izango da, txosnetan, azken urteotan bezala. Haurrek ekainaren 13tik 29ra izango dute barraketan parte hartzeko aukera. Izan ere, jaien aurreko astean ere makina bat kultur ekimen prestatu dituzte Udalak eta kultur elkarteek. Horren adibiderik garrantzitsuenak dira Antzineko Eguna, ekainaren 14an, larunbata, ospatuko dutena eta herriko tabernariek burutuko duten IV. Pintxo Lehiaketa. Argazkian, Leioako Akelarreko kide batzuk entsegu baten ostean, artxiboko irudian / © Leioako Akelarrea.