Pili Artze errefuxiatuari harrera beroa egin diote Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko mai. 31a, 00:45

Herritik kanpo halabeharrez 26 urte eman ostean, Pili Artze Abascal errefuxiatuak Leioako kaleak zapaldu eta bertako senide, lagun eta auzokideak besarkatu eta musukatzeko aukera izan du. Egun seinalatuan egin du gainera, alde batetik, ELA, LAB, EILAS, Ikasle Abertzaleak, Ernai eta Etxerat erakundeek deitutako Ikasturteko Azken Ostiralarekin bat egin duelako eta, beste aldetik, Andoni Hernandez Ibarluzea bere bikotekidea eta berarekin erbestean urte guztietan izandakoaren urtebetetzea izan delako gaur. Halere, Hernandez "apur bat makal" sentitzen dela eta ez du kalera jaitsi gaurkoan. Artze 20:10ak aldera heldu da Leioako bulebarrera, 100 bat lagunek presoen aldeko elkarretaratzean parte hartu duten bitartean. Ilara guztia zeharkatu du, musuak, besarkadak, bostekoak, barreak, goraintziak eta enkarguen hartu-emanean. Kontzentrazioa amaituta, ekitaldi xumea egin diote Plaza Gorrian, lore sorta, aurreskua eta bertsoak eskaini dizkiotela. Azkenik, bere eta bere bikotekidearen argazkiak batu ditu Kurkudi herriko tabernatik. Bestalde, eskualdean beste hamar deialdi izan dira Azken Ostiralaren harira. Argazkian, Artze gaur.

Artze eta Hernandez 1987an errefuxiatu ziren Estatu frantsesean, ETAren Bizkaia Komandoko kideei alojamendua eman izana leporatzen zietela jakin ondoren. Handik Uruguaira joan ziren eta bertan Espainiako Polizia Nazionalak bahitu eta torturatu zituen. Estatu frantsesera itzultzean, Paben atxilotu zituzten. 1995eko maiatzean, berriz, Montoubannen konfinatuak izan ziren, Euskal Herritik 500 kilometrora. Pili Artzek eta Andoni Hernandezek, euskal errefuxiatu politikoen kolektiboak konfinamendua apurtzeko erabakiarekin bat eginda, Euskal Herrian bizitzeko eskubidea aldarrikatu zuten Baionako katedralean itxialdia burutuz. Azkenean, Arbonan finkatu ziren nahiz eta kanporatuak izateko arriskuan egon. Pasa den martxoan, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak iragarri zuen aurretik idatzitako "bide orria gauzatzen hasi eta gaurtik aurrera etxeratze katean lehen urratsak emanen" zituela. Gaur, Artze eta Hernandezek beraien harri koxkorra ekarri dute, etxera itzuliz.

Ekitaldiaren bideoa



Harrera argazkitan

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun