Euskal Herria ez da Atlantikoan galdutako irla bat eta hemen ere gauza larriak gertatzen direla uste dugu. %16 baino gehiagoko langabezia edukitzea oso larria da eta ezin gara kontsolatu estatu espainiarreko baxuena dela esanez. Ezin gara pozik egon oinarrizko zerbitzuak (hezkuntza, osasuna, justizia eta abar) hemen ere okerrera doazela ikusita. Arlo horietan pribatizazioak dira Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako gobernuetan dauden kasta politikoek hartzen dituzten neurriak. Arlo sozialetarako aurrekontuei dagokienez ere, hemen ez gara batere desberdinak, diru partidak etengabe murrizten direlako kapital espekulatzailearen mesederako, dirutza ikaragarria erabiltzen baita bankuei eta legitimoa ez den zorra ordaintzeko.
Atzerapauso handiak daude, bai gizarte gaietan eta baita demokrazia beraren kalitateari dagokionez ere. Egoera horren aurrean euskal herritarrok gure haserrea eta gure sumindura botere politiko eta ekonomikoen kontrako borroka bihurtu nahi ditugu.
Horregatik Podemos-Ahal Dugu eraiki dugu, tresna politiko berria, demokratikoa, horizontala, integratzailea eta parte hartzailea izan dadin, euskal herritarrok gure burua askatasunez eta elkartasunez antolatzeko.
Horregatik Europako hauteskundeetara aurkeztea erabaki genuen eta horregatik Podemos-Ahal Dugu txarto pasatzen ari diren pertsona eta familia askorentzako itxaropen iturri bihurtu da, hala Estatu osoan nola Euskal Herrian ere.
Gaur, datu ofizialak eskuan ditugula, gure ibilbidea 4 hilabetekoa soilik izan arren, Europan indarrez sartu garela esan dezakegu, hala Euskal Herriko nola Estatuko politikan aurrekaririk ez duena. Baina hori baino garrantzitsuagoa den beste datu bat ere badago: gure indarra nahiko argia eta orekatuta dagoela auzo, herri eta hirietan, eta herrialde guztietan.
Baina gaur ez da ospakizunetarako eguna. Ilusionatuta gaude, egia da. Baina ezin dugu ahaztu zertarako sortu ginen, eta zergatik gauden hemen. Dolu egoera ez da amaitu. Larrialdi egoeran egoten jarraitzen dugu, eta pertsona eta famili asko lanik gabe, etxebizitzarik gabe, beren eskubide eta askatasunak murriztuta eta etxekoak atzerrian erbesteratuta dituztela. Giza eskubideak eta jendearen duintasuna etengabe zapaltzen dira, demokrazia bera murrizten da eta pertsonek eta herriek erabakitzeko duten eskubidea ukatzen da.
Ezin dugu ahaztu Europan ultraeskuindarrek izan duten gorakada. Badakigu krisi garaietan beti daudela aberatsen alde egiteko herritarrak desberdina denaren kontra jotzera bultzatzen dituztenak. Podemos-Ahal Duguren ustez, faxismoarekiko tolerantzia zero izan behar da. Abstentzio mailak ere altuegiak dira guretzat. Antzerki hutsa bihurtu den politika ofiziala jendea politikatik urruntzeko espreski prestatuta dagoela esan dezakegu, baina gu ezin gara tranpa horretan erori.
Horri guztiorri aurre egiteko gakoa herriaren erantzuna eta borroka da. Inork ez gaitu salbatuko. Beraz, aurrerapausoa eman behar dugu, parte hartu, antolatu eta mobilizatu egin behar gara. Jendearengandik hurbilago dagoen politika eredu berria eraikitzeko borroka prozesuari ekiten diogu, non demokrazia ez den lau urtean behin boto ematera joatea, guregan eragina duten erabakietan parte hartzea eta burujabe izatea baizik. Geuk, herritarrok erabaki behar dugu nor garen, nola eta nork gobernatu behar duen.
1,2 milioi pertsonen konfiantza eskuratu dugu beraientzako lanabesa izateko, gauzak aldatzeko eta lapurtu diguten guztia berreskuratzeko asmoz sortu den egitasmo honetan. Horregatik, mugimendu sozialei eta pertsona ezberdinei parte hartzea gonbidatzen ditugu dagoeneko osatutako dauden taldeetan edota sortzear daudenetan.
Dena lortzeko sortu ginen eta ez gara hemen geratuko. Gaur atzo baino lan handiagoa dugu, erronka handiagoa dugulako. Baina ahal dugula badakigu.
Podemos-Ahal Dugu