Atzo eskualdean euskal preso politikoen eskubideen alde burututako hamaika elkarretaratzeei segida emango diete gaur eta bihar elkartasun ekimenek. Algortan, euskal preso eta iheslari politikoen aldeko elkartasun astea bere amaierara helduko da gaur, ospatuko duten Elkartasun Eguna dela medio. Goizean, bertatik eta Uribe Kosta eta Erandioko beste herrietatik "Preso gaixoak etxera!" lelopean Ondarroan izango den nazio manifestaziora joango dira dozenaka lagun. Antolatutako autobusa 10:30ean hartu ahal izango da Villamonten, 10:45ean Itzubaltzetako Simply supermerkatuan eta 11:00etan Leioan, Txomin Aresti musika eskolan. Lea-Artibaitik bueltan, Sagardo Egunaz eta pintxo goxo-goxoez disfrutatzeko aukera izango da Algortako Abian tabernan, 15:00etatik aurrera. Gauari dagokionez, 21:00etatik aurrera, 4 Anai eta Orreaga 778 taldeen kontzertua izango da Getxoko Txorimalo gaztetxean, sarrera bost eurotan erosi ahal izango dela. Igandean, ordea, sakabanaketaren aurkako mendi martxa egingo dute Plentziatik Urdulizera. Txangoa Plentziako Astillero plazan abiatuko dute, goizeko 10etan. Hiru ordu beranduago, martxa amaituta, gozatzeko ordua helduko da, trikipoteoa eta Iretargi Urdulizko herriko tabernan egingo duten herri bazkaria direla medio. Amaitzeko, ekainaren 7an, larunbatarekin, Dispertsioaren Aurkako Eguna egingo dute Algortan. Bazkarirako txartelak (12 euro) salgai daude jada Algortako Hator eta Itzubaltzetako Branka tabernetan. Argazkian, Azken Ostirala atzo Leioan.