"Tronua utzi eta oinordekotza prozesua abian jartzeko asmoa" iragarri dio Juan Carlos Borboikoa Espainiako erregeak Mariano Rajoy Gobernuko presidenteari. Horretarako arrazoiak monarkak berak "pertsonalki" komunikatu nahi dizkie "espainiar guztiei", "gaur goizean zehar", besteak beste,
Europa Press albiste agentziak adierazi duenez. Horrekin batera, bihar Ministroen Kontseiluak ez ohiko batzarra egingo duela jakinarazi du, Moncloako jauregian egindako adierazpen instituzionalean. "Beharrezko xedapen konstituzionalak martxan jartzea" izango da bileraren helburua. Espainiako presidenteak azaldu duenez, abdikazio bati buruz ari garenez, "lege organiko bat onartu beharko da". Gauzak horrela, "denbora tarte oso laburrean" Espainiako Gorteek Felipe Borboikoa printzea errege izendatzea espero du Rajoyk. 1975tik gaur egun arte, Espainiako erregea eta estatuburua da Juan Carlos I-a. Francisco Franco diktadoreak izendatu zuen bere ondorengo estatuburu, nahiz eta, izatez, errege izatea aitari zegokion. Horrela, Franco hil eta gero Espainian monarkia berrezarri zen. Argazkian, Juan Carlos Borboikoa Espainiako erregea, artxiboko irudian / cc-by-nc-nd Casa de América.