Aipatu bezala, probak bi fase dauzka: orokorra eta espezifikoa. Fase orokorrak batxilergoa amaitzean ikasleek graduko unibertsitate-ikasketa ofizialak egiteko izan beharreko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak dituzten ala ez neurtzea du helburu. Honako bost azterketez osatuta dago (aurreko sisteman baino bi gutxiago): Gaztelania eta Literatura; Euskara eta Literatura; Filosofiaren Historia edo Historia; Atzerriko Hizkuntza eta Batxilergoko gai komunetako baten azterketa, ikasleak nahi duena Gai bakoitzak 0 eta 10 bitarteko nota jasoko du, eta fase honetan gehienez 10 atera daiteke.
Fase espezifikoan ikasle bakoitzak Batxilergoko bigarren mailako modalitateko edozein gai aukera dezake, fase orokorrerako aukeratu duena izan ezik. Gehienez hiru gairen azterketak egin ahal izango ditu fase espezifiko honetan. Gai bakoitzari 0 puntutik 10 puntura bitartean emango zaio. Nota kontuan hartzeko, ikasleak 5 puntu edo gehiago lortu beharko ditu eta azkeneko nota aterako da borondatezko bi nota onenak eta haztatzeko parametroak biderkatuz. Haztatzeko parametroen baloreak 0,1 eta 0,2 dira eta unibertsitateak ezartzen ditu gaiak hautatutako graduarekin duen harremanaren arabera. "Fase espezifikoa borondatezkoa da eta haren helburua da neurtzea ikaslearen ezagutzak eta arrazonatzeko gaitasuna arlo jakin batzuetan, alegia, unibertsitatean egin nahi dituen ikasketekin zerikusia duten arloetan. Fase honek aukera ematen dio ikasleari fase orokorrean lortutako kalifikazioa hobetzeko", EHUtik azaldu dutenez.
Orduak
Unibertsitatera sartzeko probak etzi 8:45ean hasiko dira eta 18:45ean bukatu. Bigarren egunean, ostegunean, azterketak 9:00etatik 18:45era arte izango dira eta hirugarren egunean, ostiralean, 9:00etatik 15:00etara.