Sopelako umeek jaietarako iradoki zituzten ideien artean, bat buruhandiena izan zen. Horregatik, nork bere buruhandia egiteko tailerra antolatu du Jai Batzordeak, gero jaietan kalejiran ateratzeko asmoz. Beraz, umeak eta nagusiak gonbidatuta daude tailerrean zein kalejiran parte hartzera.
Buruhandiak egiteko kartoia, kartoi mehea, goma-aparra, birziklatzeko materialak… erabiliko dituzte. "Etxean ditugun gauzen artean erabil ditzakegunak ere ekarri: kartoizko kutxak, oihalak, artilea, arrautzetarako ontziak, yogurt poteak, oparietarako paperak, birziklatzeko materialak, tapoiak, ilea egiteko gauzak… Hau da, buruhandia eraikitzeko bururatzen zaizuen edozer. Zuek etxetik ekarritako material berrerabilgarriekin eraikiko ditugu Sopelako buruhandiak!", azaldu dute Jai Batzordetik.
Horrez gain, komenigarria litzateke parte-hartzaile bakoitzak bere buruhandiak zer pertsonaia izatea nahi duen pentsatuta eramatea. "Kamiseta zaharra ekar dezakezue, arropa ez zikintzeko", gaineratu dutenez.
Jarduera herrikoiak
Sopela eta Larrabasterrako jaietan jarduera herrikoiak izango dituzte egunero sopeloztarrek: koadrila jaitsiera, herri-bazkariak, lehiaketa herrikoiak (bakailaoa, pintxoak, marmitakoa...), batukada parte-hartzailea, karaokea, kanpaldi familiarra, kirol txapelketak... gustu eta adin guztietarako. Jaitsieran eta jolasetan parte hartu gura dutenek helbide honetan eman dezakete izena: sopelakojaibatzordea[abildua]gmail.com. Halaber, Sanpedroetako bazkarirako txartelak ere turismo bulegoetan eta Laiak tabernan erosteko aukera egongo da.