Getxoko HAPOren aurrekinaren atarikoa jendaurrean erakutsiko dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko eka. 2a, 19:30

Ekainaren 3tik uztailaren 3ra jendaurrean erakutsiko dira, aldi berean, Algortako Torrene kaleko udal bulegoan, Areetako Elkartegikoan eta Andra Mari kiroldegian (zentro horretan erakusketa ekainaren 5ean irekiko da) Hiri-Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) berrikuste prozesuan orain arte egindako lanak. Imanol Landa Getxoko alkateak adierazi du jendaurreko erakusketaren helburua “hasieratik informatzea eta herritarrek parte-hartzeko duten eskubidea bermatzea dela, hau da, edozelako udal erabakirik hartu aurretik, pertsona edo talde bakoitzak egokitzat jotzen dituen ideia, alternatiba edo iradokizunak aurkeztu ahal izan dezan, horrela gure udalerriari buruzko hausnarketa estrategiko hau orientatzen jarraitzeko, gakoa parte-hartzea delarik”. Erakusketan, Idazlaritza-Taldeak, Berrikuspenerako Udal Bulegoak zein talde parte-hartzaileek (batez ere, Lantaldeak, Udal Hiri-Planeamenduko Aholkularitza Batzordeak eta Tokiko Ingurumen Foroak) egindako lanak bildu dira. Horrela, erakusketan HAPO idatzi aurreko faseetan egindako lanaren emaitzak ezagutu ahalko dira, tokiko agintarien hitzetan. Argazkian, orain arteko lanen xehetasunak eman dituzte prentsaurrean Landak eta Arregin / © Getxoko Udala.

“Hartara, hemendik auzokide guztiak animatzen ditugu gai honen inguruan gure udalerrian aniztasuna eta ikuspegi desberdinak daudela dakigun arren, ekimen parte-hartzaile honetan parte hartzeko, hausnartze prozesu zail baina garrantzitsu hau sozializatzen jarrai dezagun. Izan ere, erabat kontziente gara prozesu honetan parte hartzeak duen konplexutasuna eta eskatzen duen ahalegina, baina, beste behin, bertan parte hartzeko guzti-guztiok dugun beharra gogoratu nahi dut, HAPOren berrikuspen honekin gure udalerriaren etorkizuna aztertzen ari garelako, eta, hortaz, hausnarketa kolektibo honetan guzti-guztiok egon beharra daukagu”, gaineratu du alkateak.

Aurrekinaren atarikoa

Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak aipatu duenez, aurrekinaren atarikoari dagokion fasean “etorkizuneko HAPO 8 urtez indarrean edukitzeko programatu beharreko hiri-garapenak kalkulatzerakoan udalaren aukerak arakatzen dira”. Horretarako metodo arau-emailea zein tramitazio fasean dagoen Eusko Jaurlaritzaren beste bat aintzat hartzen dira. Bietan, Getxori bere hiri-etorkizunaz erabakitzeko ahalmen handia aitortzen omen zaio, beti ere dentsitate txikiko hiri-hazkunderako moduak baztertzen badira (hektareako 20 etxebizitzatik behera) eta jarduera ekonomikoa sartzen bada. “Horrek esan nahi du Getxoko etxebizitzaren etorkizuna Getxon erabakiko dela, bi metodoek errazten diguten erabakitzeko ahalmen handi horren barruan”, adierazi du Arregik.

Bi metodoek erakusten dituzten aukerak argitzeko hainbat alternatiba aztertzen dira, biztanleriaren bilakaeraren inguruko hainbat hipotesietan oinarritzen direnak, biztanle kopuruaren jaitsieratik hasi eta bizileku-eskaintzaraino. Horietatik, beharren eta bizileku-eskaintzaren alternatiba desberdinak ondorioztatzen dira. Aurrekinaren atarikoan, indarrean dagoen HAPOk hiri-lurzoruaren barruan egun eraikitzeke dauden etxebizitza berriak egiteko ematen duen ahalmena ere aztertzen da.

Zinegotziak aipatu du kontsiderazio horiek guztiak aintzat hartuta, Lantaldetik aurkeztutako 8 aukeretatik 6ren alde egin dutela: “0 hazkundea”, hau da, etxebizitza berririk ez egitea da aukera bat. Horren ondorioz 5.000 bat biztanle galduko lirateke 2023ra arte (Lantalde barruko lan-talde handienak defendatutako proposamena da); urbanizatzeko gehienez 11 hektarea lur uztea da beste aukera bat, egungo HAPOn programaturiko eta oraindik garatu ez dituzten 250en aurrean; proposatutako hautabide gehiago: biztanle-kopurua 80.000ren inguruan mantentzea (Lantaldeko bigarren talderik handienak proposatutako alternatiba); edo Andra Marin babestuta ez dagoen lurzoruaren %50 arteko okupazioa onartzen duen biztanle-hazkundea ere, 2.500 biztanleena.

Udalaren arabera, gauzatutako eztabaidatik bi ondorio nabarmentzen dira, Plan berriak erantzun beharko lituzkeenak. Batetik, alokairuko babestutako etxebizitzaren beharra, eta bestetik, gaur egun oraindik nekazaritza eremuak direnetan leku ahalik eta txikiena okupatzea. Horren harira eztabaidatu dute aukeren gainean: jada eraikitako eraikinen parkearekin eskaintza zabaltzea, alokairua sustatzea, hutsik dauden etxebizitzak merkatura ateratzea, etxebizitza handiak zatitzea, merkatal-etxabeak eraldatzea zona jakin batzuk babestuta, eraikinak birgaitzea, teilatupeak etxebizitza gisa araupetzea gutxieneko batzuk beteta, eta abar.

Erakusketak

Algortako erakusketa Torrenen jarriko da, 08:00etatik 15:15era. Ekainaren 3tik 26ra, astearte, asteazken eta ostegunetan (hilaren 3, 4, 5, 10, 11, 12, 17, 18, 19, 24, 25 eta 26an), ordutegia 21:00ak arte luzatuko da, itxi gabe. Hiru larunbatetan, 7an, 14an eta 21ean, bisitatzeko ordutegia 9:00etatik 14:00ak artekoa izango da. Azalpenezko hitzaldiak egingo dira ekainaren 4, 11, 18 eta 25ean, asteazkenez, 19:00etatik 21:00etara.

Areetakoari dagokionez, Hiritarren Arretarako Bulegoan dago (Mesedeetako Ama kalean) eta jendaurrean izango da astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:00ak arte. Azalpenezko hitzaldiak egingo dira, ostiralez, ekainaren 6, 13, 20 eta 27an, 11:00etatik 13:00etara.

Andra Mariko kiroldegian, erakusketa ekainaren 5ean zabalduko dute, 09:00etatik 21:00etara, ekainaren 14ra arte, eta 09:00etatik 14:30era eta 17:30etik 21:00etara, ekainaren 15etik aurrera. Azalpenezko hitzaldiak astelehenean egingo dira, ekainaren 9, 16 eta 23a n, 19:00etatik 21:00etara.

Ordutegi eta egunak kontsultatzeaz gainera, orain arte idazlaritza-taldeak, Udalak eta foro desberdinek prestatutako agiri guztiak udal webgunean ikus daitezke eta berrikuste prozesu osoan egongo dira, erakusketa birtuala sortuz berrikustea behin betiko onartzen den arte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun