Pasa den asteburuan Algortako Fadura kiroldegian jokatu zen Getxo Hiria Nazioarteko I. Waterpolo Txapelketan Katalunia nagusitu zen. Mediterraneoko emakumezkoek erabateko abantaila eskuratu zuten, atzean euskal selekzioa, bigarren, eta Britainia Handikoa, hirugarren, atzean laga zituztela. Kataluniako Waterpolo Haur Selekzio Femeninoak bere bi arerioei irabazi zien. Kategoria horretako Espainiako txapeldunak dira katalanak, euskal selekzioa hirugarrena den bitartean. Bretainia Handiko taldeak ezin izan zuen bere jokalaririk onenak eraman, hainbat lesio tarteko, eta etxekoen aurkako partida ere galdu zuten, podiumeko hirugarren tokia bereganatuz. Getxo Hiria Nazioarteko I. Waterpolo Txapelketa, emakumezko haurren kategoria hartu duena,
Getxo Igeriketa eta Waterpolo Taldeak antolatu du, Igeriketako Euskal Federazioarekin eta Getxo Kirolekin elkarlanean. Ekimena Europako Kirolaren Hiria sariarekin lotutako gertaera berezien egutegiaren baitan kokatzen zen. Argazkian, parte hartzaile guztiak sarien banaketan / © Jon Lopez Saez.