Eigurenek, adierazi zuen, halaber, “honako helmuga honetarako pauso handiak egiten ari garela konturatu arren, urrun gaudela oraindik. Sortzen ditugun hondakinetarik atal batzuetan asko birziklatzen dugu, baina are gehiago egin daiteke. Kontsumitzaile aktiboak garen aldetik hondakin gutxiago eragiten duten kontsumo ohiturak eta amaikorrak diren energia baliabideak zein lehengaiak aurrezten laguntzen duten ohiturak ere har ditzakegu”. Zentzu horretan, zinegotzi getxoztarrak aurreratu zuen Aste Berdeak dirauen arte aholku errazak helaraziko zaizkiela herritarrei kontsumo arduratsua lortze aldera.
Jarduera egitaraua
Lehenengo egunean, ostegunean, hilak 5, aurtengo jarduera berri nagusietako bat egingo da, hots, baratze bertikala prestatuko da Areetako Xake plazan, 17:00etatik aurrera. Bertaratzen direnek oinarrizko ezagutza teorikoak jasoko dituzte eta, gainera, ortua prestatzen lagunduko dute, batez ere, baratze- eta usain-landareekin. Jarduera igandean, hilak 8, egingo dute berriro, 12:00etan Algortako Telletxe plazan. Izena emateko 944 660 191 telefono zenbakira deitu beharko da.
Horrez gain, bi tailer egingo dira aurten. Lehenengoa, “Baratzeko eta lorategiko tratamendu fitosanitario ekologikoak” izango da, ostiralean, 6an, 19:00etan, Getxolanen Areetako egoitzan. Eta bigarrenean etxeko marmelada egiteko erakustaldia egingo da, astelehenean, 9an, 19:00etan ere, Fadura jatetxean. Inskripzioak 944 660 191 telefono zenbakian.
Larunbatean, hilak 7, Bolueko hezegunean jardungo dute. Zenbait espezietako 50 zuhaitz inguru landatuko dituzte (zume, haltz, lizar, astigar eta haritzak) goizeko 11ak aldera, hezeguneko atzeko aldean, Uribe Kostako biaduktu azpian, Larrañazubiko errepidean. Eta ordubete eta erdi lehenago, 09:30ean, ohiko jarduna egingo da, hots, txoriak eraztunarekin markatuko dituzte.
Igandean, hilak 8, birziklatzea izango da gai nagusia. Algortan eta Areetan, 12:00etatik 15:00etara, ekintza ludikoak gauzatuko dira birziklatzearen alde kontzientziatzeko: umeentzako tailerrak eskulanekin, birziklatutako materialez egindako eskulturen erakusketa, bigarren eskuko liburuen trukatzea eta konposta egiteko tailerra. Egun horretan bertan, txangoa antolatuko da Azkorriko hondartzan barrena 10:00etatik aurrera. Izena emateko: 944 660 191.
Bestalde, ostegunean, 5ean, 17:00etan, Areetako Xake plazan, eta asteazkenean, 11n, 12:00etan, Algortako Telletxe plazan, barazki landareak banatuko dituzte bertatik pasatzen direnen artean.
Eta asteartean, 10ean, “100% hecho de basura” dokumentala emango dute. Bertan honako ideia hau adierazten da: edozein ekoizkin biosferara itzuli behar dela, ingurugiroari kalterik eragiten ez diola eta berarentzat elikagai bihurtzen dela. Saioa Villamonteko kultur etxean izango da, 19:00etan.
Jarduera-egitaraua osatzeko, azkenik, Getxoko balkoiak eta leihoak edertzeko I. Lehiaketa deitu da. Horren helburua, Keltse Eigurenen arabera, “udalerriak estetikaren zein giroaren aldetik duen kalitate maila hobetzea da”. Herrikide guztiek parte hartu ahal izango dute, lehendabizi edozein HABetan edo www.getxo.net/asteberdea helbidean izena emanda ekainaren 5etik 25era arte. Lehenengo bi sailkatuei 150 eta 100 euroko saria emango zaie, lorategietarako produktuetan, eta agiri egiaztatzaile bana. Epaimahaiaren epaia eta sari banaketa uztailaren 17an izango dira.
Nahiz eta asistentzia hasiera batean librea izan, zenbait jardueretan telefonoz eman beharko da izena, ekintzak hobeto prestatze aldera.