Aurtengo hasieran izandako denboraleen ostean, Getxoko Udalak "jarduera egokia" abiatu zuen hondartza guztiak prestatzeko eta olatuek haietako zenbaitetan eragindako kalteak konpontzeko, oraingo honetan, kalteak hain handiak izan ez baziren ere. Batez ere itsasoak hondartzetan utzitako hondakinak garbitu eta hareak berdindu dira.
Hondartza-txosnak zabalik
Hondartza-txosnak, izozki-postuak eta etzaulki alokairua erabil daitezke ere dagoeneko Areeta, Algorta eta Getxoko hondartzetan. Horietan dauden bost tabernak ere, datorren irailaren 30era arte egongo dira zabalik, Arrigunagakoa eta Gorrondatxe-Azkorriko atsedenleku ondoan dagoena ezik, urriaren 31ra arte egon daitezkeelako zabalik.
Hondartza-tabernak zabalik egoteko baimendutako ordutegia, honako hau da: 10:00etatik 23:00etara.
Bainu denboraldia herenegun, igandean, ireki zuen Bizkaiko Foru Aldundiak eta, dagoeneko, Getxoko Udalak iragarri egin du kostaldean dituen bost hondartzen bikaintasuna. "Getxo udalerriko bost hondartzak egoera ezin hobean daude herritarrek erabili eta gozatzeko", udal iturriek zabaldu dutenez. Hondartza denboraldia datorren irailaren 30ean itxiko da. Areeta, Ereaga, Arrigunaga, Gorrondatxe-Azkorri eta Barinatxen funtzionamendu zuzena edukitzeko "beharrezkoak diren garaiko zerbitzu guztiak daude jarrita: garbiketa, dutxak, komunak, laguntza, salbamendu eta sorospen zerbitzua eta txosnak, besteak beste" gaineratu dute tokiko iturriek. Hondartza horietako bik, Ereagak eta Arrigunagak, Bandera Urdina bereizgarria jaso dute beste behin ere. Ingurumen eta natura errespetatuz, itsasertzaren eta hondartzen gestioan egindako ahaleginagatik ematen dute ikur hori. Bandera Urdinak aurretik ezarritako estandar batzuk bete izana egiaztatzen du, tartean, bainatzeko uraren kalitate ona, garbitasuna, informazioa, ingurugiroko hezkuntza, segurtasuna, zerbitzuak eta instalakuntzak. Halaber, bereizgarri hori duten EAEko bi hondartza bakarrak dira. Argazkian, pasa den martxoan Ereagan egindako lanen irudi bat.