Berriz ere espainiartasuna indarrez eta herri honen borondatearen kontra, inposatzeko saiakera baten aurrean gaude. Berriz ere gure izaera eta nortasuna zein herri bezala dagokigun erabakitzeko eskubidea ukatzeko saiakera baten aurrean gaude. Berriz ere agertzen da hemen atzo bertan abdikatu zuen Borboiak islatzen duen guztiaren itzala. Beraz, joan daitezela Borboiak eta eraman ditzatela beraiekin herri honetara erregimen ustel eta dekadente bat inposatzera armaz etorri ziren guzti-guztiak.
Idei eta ikur askoren gainetik herri honetan, azkenengo 50 urteetan, pertsona asko hil egin dira hemen bizi den gatazkaren ondorioz, lagunak, familiarrak eta inguru bat zuten pertsonak. Eta pertsona horiek izan badute eskubide osoa beraienak gogoratzeko, ideologia guztien gainetik.
Oroitzapena eta memoria ez dira apologia edota gorazarrearen sinonimo. Oroitzapena giza izaeratik abiatzen den beharra da, dagoeneko hil direnen gogoratzekoa.
Zentzu horretan ez da batere zilegi, tokiz eta denboraz kanpokoa, hil den norbaiten oroitzapena eta memoria erasotzea. Ezin dira sentimenduak debekatu, ezta giza eta pertsonalak diren atxikimendua; hori da naturaren kontra joatea. Oroitzapenerako eskubidearen kontra joatea, bakea eta normalizazio politikoa oztopatzen jarraitzea da; guardia zibilak gaur egin duen bezala ekitea, gatazka politikoaren ondorioz bizitza galdu duten pertsona guztiek eta bakoitzak merezi duten errespetuaren kontra joatea da; eta familiarrek inondik ere merezi ez duten umiliazioa.
Horregatik behin berriro ere operazio poliziala salatu nahi dugu, atxilotu guztien berehalako askatasuna eskatu ere bai, eta baita irekita egon litezken dilijentzia polizial eta judizial guztiak bertan behera uztea.
Honetaz gain, operazio hau salatzeko burutuko diren protesta mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu.
Sortu