Getxoko Sirenoaren ezkontza izango da ostiralean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko eka. 4a, 19:56

Ostiral honetan, ekainak 6, Getxoko Sirenoaren "ezkontza handia" ospatuko dute Algortan, 19:30etik aurrera. Horixe bera iragarri dute gaur "zeremoniako aitabitxiak eta amabitxiak", aurpegiak maskaraz estalita, San Nikolas plazan egindako agerraldian. Gaurkoan ez dute "emaztegaiaren" izena aurreratu nahi izan, "oso lotsatia" delakoan. Ez dutena gonbidatu "ezkongaien osaba eraikitzailea" da. "Sirenoa eta bere emaztegaia ahalik eta lagun gehien bildu nahi dituzte; arduratuta daude herrian entzun dituzten gauza batzuekin eta guztiekin konpartitu nahi dituzte. Esaten dute berriro euren osaba eraikitzailea herritik dabilela, planak dituela… bera ez dago gonbidatuta, herentzia kontuengatik arazoak izan zituzten aspaldi eta ordutik ez dute elkar hitz egiten. Baina beldur dira berea ez den herentziaren bila etorri dela berriz ere eta horregatik laguntza eskatu nahi diote herritarrei. Gainera, Getxoko Lurralde Planaren berrikuspenarekin gaudenez berriz ere... ba hori, hobe dela herria ondo informatuta egotea", azaldu dute "aitabitxiak" eta "amabitxiak". Getxoko HAPOren berrikuspenaren gaineko eztabaida zabaltzeko antolatu dute ekitaldia. Argazkian, "amabitxia" eta "amabitxia" gaurko agerraldian.

Etzi, 19:00etan aterako da Portu Zaharretik sirenoaren segizioa eta emaztearena ordu berean Bidezabaletik. Eta 19:30ean Telletxen hasiko da "ospakizuna". "Momentu gorena, ezkontza", baina, 20:30ean izango da San Nikolasen. Senargaia aski ezaguna dugu udalerrian: Getxoko Sirenoa. Emaztegaiaren identitatea, ordea, ez dute argitu nahi izan oraindik. "Guk kontatuko genizueke nor den baina bera oso lotsatia da eta nahiago du egunean bertan jendearekin egon eta listo! Baina aurreratu ahal dizuegu Getxoko pertsona garrantzitsua dela, ondare askoren jabea. Ezkontza honekin Getxoko botere garrantzitsuenak fusionatuko zaizkigu eta gauza garrantzitsuak gerta daitezke etorkizunean herri honetan", aurreratu dute "aitabitxiak" eta "amabitxiak".

Gaineratu dutenez, "zeremoniara", Getxoko auzoetako "garrantzitsuenak" daude gonbidatuta: "Hezetasunekoak, Itzubaltzetakoak, Andra Marikoak, Aldapakoak… Baina zerrenda irekia da, beraz herritar guztiak etor zaitezkete!".

Bestalde, "ezkongaiek horrela eskatuta", komunikabideen aurrean agertutako bi lagunek "ohar garrantzitsua" egin diete "metroan hurbiltzen diren gonbidatuei": "Kontuz ibiltzeko; ez erratzeko geltokiz, batzuetan Ibarbengoan dugun geltoki fantasman gelditzen dela metroa baina ez jaisteko hor". "Itsasontzian datozenentzat gomendioa: ez atrakatzeko kruzeroen kai berrian, tasa berezia kobratzen dizuete eta", amaitu dute.

Sirenoaren ezkontzaren kartela



Ezkontzaren bideo-gonbidapena

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun