Gainera, Podemos-Ahal Duguk eskubide hori gauzatzeko bide bat jartzen du mahai gainean. Gure ustez, oraingo sistema politikoa, 1978ko erregimena, ez da baliagarria gaur. Txikiegi geratu den soinekoa da, eta gaurko herritarrok egiten ditugun eskakizunak, gizarte eskubideak zabaltzea eta demokrazia sakontzea, ezin dira bertan sartzen.
Trantsizioaren lehenengo urteetan egon zen militarren presioa oso handia izan zen eta horrek muga handiak jarri zizkion Konstituzioari, bai Francok ezarritako monarkia onartzerakoan, eta baita estatu eredua ezartzerakoan ere. Estatu espainiarrean dauden nazioetako herritarrek ezin izan zuten beraien etorkizuna askatasunez erabaki eta gainontzeko herriekin izan nahi dituzten harremanak finkatu. Horregatik bigarren trantsizioa eta prozesu konstituziogile berria eskatzen dugu.
Gure Esku Dago ekimena Podemos-Ahal Duguk dituen ezaugarri asko ditu, politika letra handiz, politika garbia egin nahi duten herritarrak direlako, eskubide demokratiko baten aldeko adostasuna bilatzen ari direnak. Defendatzen duten eskubide demokratikoa garrantzitsuegia baita politikarien esku uzteko.
Horregatik, Gure Esku Dagoren ekimenaren alde agertzen gara, eta Durango eta Iruñea lotuko dituen giza katean parte hartzeko deia egiten dugu. Espero dugu igandekoa eskubide demokratikoaren aldeko mugimendu anitza, zeharlerrokoa eta herritarraren hasiera izatea.
Ahal Dugu (Podemos)