Halere, Deustun musikari gehiago arituko da. Ekainaren 12an, zikloak saio bikoitza eskainiko du. Alde batetik, ekimena Deustuko Udaltegira (Agirre Lehendakaria etorbidea, 42) aldatuko da, horko eszenatokia egokiagoa baita kontzertu intimista bat egiteko. Bertan, gitarraren akonpainamendu soilaz, Josu Bergarak merkaturatuta dauzkan "Karramarroen Hiria" eta "Nora zoaz" diskoetan bildutako doinuak eskainiko ditu. Bestalde, Salestarren elizan, Bilboko musika koralean erreferentziatzat jotzen diren San Inazio abesbatza eta Deustoarrak abesbatzaren arteko emanaldi bateratua egingo da. Gorka Beriain eta Roberto Bienzobasen zuzendaritzapean, bi talde horiek generoaren zaleak gozaraziko dituzte.
Hurrengo ostegunean, jazz musikaren txanda izango da Euskaljazz Konnection taldearen eskutik. Seikote horrek euskal musika herrikoia ozeanoaz bestaldeko musika-tradizioetako oihartzunekin uztartzen du, Ainara Ortegaren (Musikenen jazz-kantaritzat lizentziatu den lehendabiziko emakumea) ahotsari esker. Emanaldia La Haceria aretoan izango da.
Azkenik, Borja Estankonak zikloa itxiko du Euskararen Etxean, San Inazion (Agoitz plaza, 1), hilaren 26an. Arratiako kantautoreak bi disko plazaratuak ditu dagoeneko ("Estankona" eta "Fruitua"), eta batean zein bestean, agerian utzi du popa, rock aurrerakoia, countrya eta bals-a bezalako musika-estilo desberdinekiko zaletasuna.