"Iraingarria da gure bizitza arriskuan jartzen duen politika baten alde egitea", adierazi dute preso politikoen sebideek. Etxerat-eko kideek dei egin diote gizarteari sakabanaketa politikaren amaierarekin engaiatu dadin, neurri "krudela" delako eta "mendekuan" oinarrituta dagoelako.
Egun, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) ia 500 kideen artean, Uribe Kostako 25 bizilagun dago. Horietatik bost Frantziako espetxeetan dira eta gainontzekoak Espainiakoetan. Iñigo Otazua Urresti "Oti" algortarra eta Urtzi Paul Larrea getxoztarra izan ziren kartzela atzean uzten azkenak; hurrenez hurren, martxoaren 17an eta apirilaren 14an. Hain zuzen ere, larunbat honetan, ekainak 7, Dispertsioaren Aurkako Eguna egingo dute Algortan. Horrenbestez, 13:00etan, ekitaldia izango da Katea inguruan (Bidebitarte kalean, Bodeguilla eta Salsidu tabernen artean). Eta horren ostean, poteoa eta musika. Bazkaria ere izango da, 15:00etatik aurrera. Horretarako txartelak (12 euro) salgai daude jada Algortako Abian, Hator eta Itzubaltzetako Branka tabernetan. Umeentzako menua ere badago, 5 eurotan.
Eskupilota Sopelan
Sopelan, berriz, Etxerat elkarteak antolatutako eskupilota txapelketako partidak jokatuko dituzte egun berean, udal pilotalekuan. Txapelketa herrikoia da. Hartara, Uribe Kosta eskualde osoko pilotazale guztiak bertan parte hartzera animatu ditu euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko tokiko herri bilguneak. Jaialditxoa 18:00etan hasiko da eta izen ematen duten bikoteen arteko partida laburrak burutzea da helburua, Elorrioko finalerako bikote bat sailkatuko dela. Izen-emateak 15 euro balio du, bikoteko kamiseta bat opari. Ondoko helbidera izena eta neurria ematea besterik ez dago: pilotakadazuk[abildua]gmail.com.