Vicente Ferrer Fundazioarekin daukan lankidetza hitzarmena berriztatu berri du Berangoko Udalak. Oraingo honetan, 2014an hasita eta hiru urtetako epean, 30.000 euro emango ditu toki erakundeak Anantapur (India) inguruko Chinnacheruvu Thanda nekazaritza komunitatean 21 etxebizitza eraikitzeko. Osasungarritasun gutxieneko baldintzak izango dituzte etxeek, horrekin batera, euriteez eta muturreko beroaz babesteko aukera emanez, agintari berangoztarrek nabarmendu dutenez. "Udalak helburu solidarioetarako bideratzen duen %0,7aren barruan dago diru hori", gaineratu dutenez. Berriro ere Indiako eremu txiroenetako batera bideratu dute laguntza Berangotik; "dalits", tribu eta kasta behartsuenetara, alegia. Nekazaritza eremuetan, baldintza kaskarretan bizi dira. Gaineko kastengandik banandutako kolonietan daukate etxea, gutxieneko zerbitzurik ere ez daukatela. Hori dela eta, etxebizitzetan kalte handiak izaten dituzte urtero, eurite gogorrengatik. Argazkian, Anabel Landa Berangoko alkatea, Sujatha Baddi Indiako langilea eta Xabier Orueta Vicente Ferrer Fundazioaren EAEko ordezkaria bi erakundeen arteko hitzarmena sinatzeko ekitaldian / © Berangoko Udala.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!