Ekimenaren kartela

Bihar, igandearekin, Pottoka Eguna hartuko du Lemoizko Goikomendi zaldi-klubak, Andrakan. Ekimena hipika taldeak berak, Euskal eta Bizkaiko Hipika Federazioek eta Bizkaiko Pottoka hazleen elkarteak antolatu dute, iazko "arrakastak bultzatuta", Goikomendiko kideek nabarmendu dutenez. Eguna goizeko 10etan abiatuko dute Pottoka arrazako zaldiari buruzko erakusketa didaktiko batez. Bitartean, arratsaldeko 2ak arte umeentzako jarduerak eta eskulan tailerrak izango dira, marraztu, margotu, puzgarrietan jolastu edota globoflexia eta maskarak egiteko aukera ere emango dutela. Nahi dutenek, kortak ikusi, bertako tresnen erakusketa aztertu eta paseoa eman ahal izango dute pottokaz eta baita oroigarria eraman ere, photocall-a dela medio. Nagusiek pottoken erakustaldia izango dute aukeran eta bertan zaldiak saltzen saiatuko dira hazleek. Ordutegi berean, argazki txapelketa egingo dute eta Pottoka Proiektua zertan datzan azalduko dute, zaldi horientzako babes etxeak sortzea, alegia. Goizeko 11:45ean, Aratz dantza taldeak ekimenaren inaugurazio ofizialari ekingo dio kalejira batez. Ondoren, ohiko heziera erakutsiko dute zaldi-taldeko emakumeek. Eguerdian, heziera naturalaren adibideak jarriko dituzte. 12:30ean, zaldiberri edo poni lehiaketa izango da. Azkenik, 13:45ean sari emanaldiak emango dio amaiera egunari. Argazkian, seina hilabete dituzten bi pottoka / © Goikomendi.

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!