Hainbat elkarrizketaren ostean, 2008an Gipuzkoako Idiazabal herri txikian bi lagunek elkarri botatako erronka, autodeterminazioaren alde; hirugarren batek herri kirolei zien maitasuna; konfiantza, zintzotasuna, pluraltasuna; Eskozian zer gertatzen ari zeneko jakin-mina; joan-etorri kulturalak; zoritxarreko heriotza eta omenaldi polita; katalanen bat-bateko mugimendu historikoak; kultur trukaketak; Goierrirako jauzia, alderdikeria eza, dokumental bat eta hamaika gazta; gatazka armatuaren zati bat Euskal Herritik desagertzeko bidean, eta uholdea ezin galdu: 2013an, Gure Esku Dago erabakitze eskubidearen aldeko plataforma jaio zen. Hainbat hilabetez Euskal Herri mailan egituratzen eman ostean (eta Guardia Zibilak ikertzen zitueneko filtrazioak kaleratu ondoren), hasieran bezala ekin zion aurrera ekimenak. Erronka batez. Sobiet Batasuneko Baltikoko errepublikek eta Kataluniak bezala, jende katea proposatu zioten Euskal Herriari urtarrilean, hotzaren artean. 123.000 metro betetzeko 50.000 lagun beharko zirela. Lan eskerga egin dute Zelai Nikolasek, Angel Oiarbidek eta beste ehunaka lagunek bost hilabetetan asmoa egi bilakatzeko. Argazkian, Erandion buruhandiek ere deitu dute gaurko jende katera / © Erandioko Gure Esku Dago.