Uribe Kostako Gure Esku Dagok bere aurreikuspen guztiak hautsi ditu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko eka. 8a, 06:09

Erronka handia zuten Uribe Kosta eta Erandioko Gure Esku Dago plataformaren taldeek. Eskualde populatua izanik, hemendik atera behar ziren hasieran Durango eta Iruñea batu behar zituzten 50.000 herritarren zati garrantzitsu bat. Euskal Herri osoko herri gehienetan bezala eskualde honetan ere aurreikusitako kopuruak dezente gainditu dira, jendeak azken egunotaraino itxaron badu ere. Leioaztarrek eskuz esku ibiliko dira Elorrion, 17. eta 18. kilometroetan. Horretarako ez zaie arnasarik faltako, 800 lagun batu baitira. Halere, ez dute guztientzako autobusik eskuratu (hamaika daude) eta asko eta asko autoz joan beharko da. Horiek "17" dioen kartela eraman beharko dute era ikusgarrian. Besteak bere orduan, goizeko 8:30ean, egon beharko dira Iparragirre kalean, batzokia eta Volkswagenen artean tokatu zaien autobusa hartzeko. Bertako antolatzaileek, eskualdeko beste guztiek bezala, eskatu dute musika tresnarik jotzen jakinez gero eramateko. "Erabaki nahi dugu" lelopeko kartelak ere banatu dituzte. Ingelesez, frantsesez eta espainolez ere erakutsiko dituzte antzekoak. Argazkian, Angel Oiarbide eta Zelai Nikolas antolatzaileak, Algortan.

Erandioztarrak Leioatik oso gertu, baina antza atzetik, lotu dira, 796 pertsona joango baitira Arrasatera, 20. kilometroko haien 721 metro ukondoz-ukondo betetzera. Bertatik 13 autobus eta hainbat auto kaleratuko dira. Bertako antolatzaileek "aurrera begirako lanari indarrez heltzeko egun garrantzitsutzat" jotzen dute gaurko mobilizazioa. 12:30etik aurrera ospatuko dute.

Uribe Kostako Mankomunitateko herri gehienak (Berango, Lemoiz, Urduliz, Barrika eta Sopela) Arrasatera era joango dira, baina 25. kilometrora. Haraino 15 autobus mobilizatuko dituzte, tartean 70 urduliztar Gipuzkoarako bidean jarriko dituztela. Berangoztarrek autobusa 8:30ean hartuko dute bertako osasun etxean. Ordu berean dute hitzordua sopeloztarrek, herriko eliza inguruan, autobus bakoitzari bere letra jarriko diotela. Jende katearen ostean, Bergarako plazara joango dira, bertako ekitaldira eta ondoren marka ospatzera herriko jaietan. Bueltatzeko orduan, bi aukera izango dituzte: 18:00etan abiatzea edo etxerako bidaia 21:00etan egitea.

Azken multzoa Itzubaltzeta / Romo, Algorta, Plentzia eta Gorlizko biztanleek osatzen dute Antzuolako 34., 35., eta 36. kilometroei bizia emango dietenak. Herri horietan ere autobusak bete dira eta autoz joan beharko dira erabakitze eskubidearen aldeko hainbat lagun. Gauzak horrela, itzubaltzetarrak goiztiarrenak izango dira, goizeko 8etan irtengo direla Artatza-Romo institututik. Bueltarako planak, aldiz, bi dituzte. Formal-formal Antzuolatik buelta 13:30ean egitea, ala erandioztarren antzera Bergarara jo eta handik 19:30ean herriratzea. Ordu berean, 8etan, irtengo dira algortarrak. Jende katetik zuenean bueltatuko direnek Telletxeko estankoan dute hitzordua eta Bergaratik txangoa egingo dutenek, berriz, metroko sarreran.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun