Sirenoa "ezkonduz" hirigintza planen gaineko eztabaida piztu nahi dute Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko eka. 9a, 22:26

"Itsasoa eta lurra bat" eginez, Algortako San Nikolas plazan egin zuten joan den ostiralean (ekainak 6), aski ezaguna dugun Sirenoaren eta Andra Mari "lurraren boterearen sinbolo gorena eta herriko landa gunearen jabearen" ezkontzaren parodia. Ekitaldi horren bidez, Getxoko HAPOren eztabaida kalera atera eta "jasangarria den eta espekulazio basapiztietatik salbu dagoen Getxoren aldarrikapenean" aktiboki parte hartu nahi duten talde eta bizilagun guztiak bildu nahi izan zituzten udalerriko hainbat herri-elkartek.Beraien hitzetan, "sirenoaren ezkontza", egonkorra izan nahi duen eta denboran iraun nahi duen mugimendu baten "lehen pauso bat baino ez" da; "guztion artean zein Getxo ospatu behar dugun pentsatzeko, non nahi dugun gozatu eta bizi, eta ez soilik biziraun". "Ospakizunean" azaldu zuten, datozen hilabeteetan iragarriko direla egingo dituzten hurrengo ekitaldiak, eta aurreratu zuten, "iraila hilabete erabakigarria" izango dela, "Tosuko (Andra Mariren berdegunea) estratako aparkalekuaren eraikuntza, gure birika berdeetako baten zementazioaren lehen pausoa izan daitekeelako". Aipatu hilabetean kanpaldi mugagabea abiatuko dute bertan. Argazkian, sirenoaren "bahitzaileek" ere parte hartu zuten ezkontzan.

Getxoko Udalak Hiri-Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) berrikuste prozesuan orain arte egindako lanak publiko egin dituen aste berean egin dute antzezpena udalerriko hainbat herri-taldek. Getxo Antzoki erraldoiaren gerizpean egindako ekitaldian ez zuten Romo Kultur Etxea "munstrotxo gazte berria" ahaztu nahi izan. Halaber, Abrako harea-erausketak eragingo dituen "espezie eta itsas munstroak" parte hartu zuten "zeremonian". Baita bidaiari-ontzi handietan Getxoko Kirol Portura heldutako turistak ere. Hala ere, "gure landa guneak porlanez bete nahi dituzten eraikitzaile basatiek eta horien laguntzaile bakariek" bezalaxe, "zeremonia" ikustera batutakoen txistualdia jaso zuten "kruzeristek". Aitzitik, Ibarbengoako "metro geltoki mamua" inguruan zebilela, baratzeko produktuez betetako otzara oparitu zieten "ezkongaiei" Tosuko lagunek, bildutakoen txaloen artean.

Herri-taldeek zabaldutako oharra:

“Sirenoaren ezkontza hasiera izan da guztion artean zein Getxo ospatu eta bizi nahi dugun pentsatzeko, kalea eztabaida honen inguruan aktibatzeko”

Joan den urteko abenduan bahitu eta alkateak Armintzako herrian eraiki duen etxe aurrean askatua izan zen Getxoko Sirenoa, mundu osoan ospetsu egin dena, bere ezkontza iragarri zuen orain egun batzuk. Gaur,ekainaren 6 arratsaldeko 20:30etan, Txiki Otaegi-San Nikolas plazan, urteko ezkontza handia izan da. Bere bahiketa udalak 2001etik buruan dituen plan urbanistikoekin erlazionaturik bazegoen, ezkontzak Getxoren etorkizunean nahasitako aktore guztiak bildu ditu: auzo-elkarteak, kaltetuak, eraikitzaileak kartzela baimenekin, kruzeristak, eta baita kostalde getxotarraren aurrean egingo duten 90 milioi tonako erauzketa planak eragingo dien espezie eta itsas munstroak ere. Gainera, behingoz jakinarazi da Sirenoaren emazte berriaren identitatea: Andra Mari, Getxoko baserritarra, lurraren boterearen sinbolo gorena eta herriko landa gunearen jabea.

Hain zuzen ere, ezkontza, Lantaldetik ateratako hiri-alternatiba desberdinak publiko egin dituzten aste berean izan da. Lantalde hau, elkarte eta banakako herritarrez osatutakoa, hiri plan berria egiteko “kontsulta” taldea da. Bere parte-hartzaileen gehiengo nabarmenak, ohartarazten eta salatzen du Getxoko egoera kritikoa, garapen basati baten emaitza dena eta 2001etik, euren ordenazio planarekin gainbalioen lorpena helburu duena. Toki-administrazioaren auzia, salatzen dutenez, Getxok gaindimentsionatutako udala izateagatik duen 30 milioi euroko defizita egokitzeko, hiri-espantsionismoarekin jarraitzea.

Garapenak gazteentzako etxebizitza sortzea posible egiten duela esaten duen aitzakia populistaren kontra, Getxoko etxebizitza merkatuaren prezioa eta finantziazio ezintasuna dugu; udalak ez du azken hau zalantzan jartzen, ezkutatzen du, gazteen etxebizitza eskubidea eragozten duen faktorea bada ere. Eraikitzaileek eta banketxeeek etxebizitzarako eskubidea erabiltzen dute negozio hutserako, betiereko hipotekak salduz eta landa lurrak eta biztanleak espekulazio elementu bihurtuz.

Sirenoaren ezkontzarako gonbidatuak Getxo Antzoki erraldoiaren aurrean zitatuak izan dira, 40 milioi euroko munstroaren aurrean; oroimenean dago Romoko Kultur Etxe munstrotxo gazte berria.

Sirenoaren ezkontza, hasiera ekitaldia izan da gonbidatu guztion artean zein Getxo ospatu behar dugun pentsatzeko, non nahi dugun gozatu eta bizi, eta ez soilik biziraun. Egonkorra izan nahi duen eta denboran iraun nahi duen mugimendu baten lehen pauso bat baino ez da izan. Plan orokorraren eztabaida kalera ateratzea eta jasangarria den eta espekulazio basapiztietatik salbu dagoen Getxoren aldarrikapenean aktiboki parte hartu nahi duten Getxoko talde eta bizilagun guztiak bildu nahi ditugu. Ezkontzan azaldu da, datozen hilabeteetan iragarriko direla egingo diren hurrengo ekitaldiak, eta aurreratu dute, iraila hilabete erabakigarria izango dela, Tosuko (Andra Mariren berdegunea) estratako aparkalekuaren eraikuntza, gure birika berdeetako baten zementazioaren lehen pausoa izan daitekeelako. Horren aurrean adi egongo dira Sireno eta Andra Mariren senide eta lagunak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun