EH Bilduk Iñaki Goirizelaia EHUko errektorearen agerraldia eskatu du Eusko Legebiltzarreko Enplegu batzordean. Koalizioaren iritziz, ezinbestekoa da Goirizelaiak, EHUren izenean, maiatzaren 20ko lan istripuaren testuingurua azaltzea. Langilea 25 metroko altuera batetik erori zen, eta Euskadiko CCOOk gaur salatu duenez, lan kontratu gabe ziharduen lanean. "EHUk badu zeresanik eta zer azaltzerik heriotza honetan, bera baita subkontratazio kate amaigabearen azken erantzulea. Azaldu beharko du zer egiten duen kontrolatzeko berarentzat lan egiten duten enpresek prebentzio neurriak betetzen dituztela, hala nola, lan segurtasuneko neurriak eta lan hitzarmenak betetzen dituztela", salatu du Arri Zulaika legebiltzarkideak. Koalizioaren ordezkaria kezkatuta agertu da heriotzarekin eta azken albiste horrekin. "Agerian geratzen da subkontratazioen errealitatea krudela dela", adierazi du. Argazkian, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea artxiboko irudian.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!