Aurreko edizioetan bezala, Kosta Trail eskualdeko itsaslabarretako bide eta bidexketatik igaroko da. Sopelako udaletxean izango da irteera eta, kostara iritsi aurretik, bide zati berria inguratzen duten pinu eta eukaliptozko basoak zeharkatuko dituzte, Munarrikolanda mendira iristeko. Igoera malkartsuak dituzten 10 kilometro berriek korrikalariak probaren hasieratik mugiaraziko dituzte. Kostako paraje paregabeetatik igarotzen den ibilbide guztiak (30 km) bista ikusgarriez gozatzeko aukera emango die korrikalariei. Proba zoru mota ugaritatik igaroko da: asfaltoa, harea, lurra, belarra, zementua… eta hori izango da korrikalariek gainditu beharreko erronka nagusia.
Aldapan gora eta behera
Korrikalariek irteeratik oso gertu, Sopelan, topatuko dituzte lehen aldapak. Ibilbide osoan gainditu beharreko malkarren artean batzuk baino ez dira izango hasierako horiek. Lehen kilometroak pasatu ondoren, parte-hartzaileak kostalde guztia zipriztintzen duten bide estuetatik igarotzen diren Azkorri eta Barinatxe hondartzetara jaitsiko dira. Barrikako baso batean ezkutatutako bideak eginez, Plentziara helduko dira eta handik berriro ere Sopelarako bidea hartuko dute, prestatu duten ibilbidearen tarte berria eginda. Tarte horretan aldapak ziurtatuta egongo dira helmugara iritsi aurretik. Udaletxe plazan lehen ibiltariak dagoeneko zain egongo dira lasterketako parte-hartzaileak agurtzeko.