Pasa den maiatzaren 30ean
Leioako Udalak egin bezala,
Maritxu Teilagorri txosna batzordeak atzo zabaldu zuen ekainaren 19tik 24ra ospatuko diren Leioako jaietako bere egitaraua. Ohi bezala, txupina jaurtiz zabalduko dute txosna gunea ostegunean, 21:00etan. Ondoren saiheski jana eta kontzertua izango da, Laia eta Estricallarekin. Ostiralean, berriz, Guda Dantza bertako eta Leioako musika talde gazteak kontzertua eman ondoren 3Gabe2 erromeriak gaua zabalduko du. Larunbatean, 21:00etan, mokadua hartzeko gonbitea egin dute txosnalariek, horretarako sardinak erreko dituztela. Ondoren "Afrika Ruge" izeneko ekimena izango da, kontzertuaren aurretik. Niña Coyote eta Chico Tornado zein Ze Esatek abestuko dute. Igandean, arratsaldeko 6etatik aurrera umeentzako zein nagusientzako ekimenak izango dira, pailazoak eta pintxo-potea tartean. Halere, egun nagusia astelehena izango da, ohi bezala, akelarre gaua dela medio. 19:00etan abiatuko dute akelarrearen kalejira, txaranga batez alaituta. 22:30ean, Garilak 26 taldeak erromeria eskainiko du, tartean gauerdian akelarrea burutuko dela. Asteartean, jantzi merkeak plazaratzeko deia luzatu dute. Argazkian, Maritxu Teilagorriko kideak iaz jaien ostean egindako agerraldian.