Epaiketan 36 gaztek parte hartu zuen, beste lauek (Goizane Pinedo, Unai Ruiz, Irati Mujika eta Idoia Iragorri) auzitegia onartu ez, agertzeari uko egin eta ezkutatuta ibili zirela, lantzean behin agerraldi publikoak eginez. Lauak atxilotu zituzten. Beste auziperatuek Euskal Herrian 40 pertsona ezagunek aurkeztutako alegatu bera egin zuten. Besteak beste, Jesus Egiguren, Ainhoa Aznarez, Patxi Zabaleta, Begoña Errazti, Bakartxo Ruiz, Jose Miguel Uriz eta hainbat kulturgile eta kirolarik sinatu zuten "zubiak eraikitzera" deitzen zuen testua.
Absoluzioa jaso duten 40 gazteak: Xabier de la Maza Peña, Irati Mujika, Ainara Bakedano, Jon Anda Velez de Mendizabal, Jon Ziriza, Gaizka Likona, Olatz Izagirre, Ion Telleria, Aitziber Arrieta, Garazi Rodriguez, Maialen Eldua, Eihar Egaña, Euken Villasante, Mikel Ezkiroz, Mikel Aiestaran, Xumai Matxain, Aritz Lopez Ugarte, Asier Coloma, Eñaut Aiartzaguena, Mikel Arkaitz Totorika, Nahia Elena Aguado, Idoia Iragorri, Haritz Petralanda, Ibai Esteibarlanda, Carlos Renedo Zuriñe Gogenola, Jon Liguerzana, Nestor Silva, Unai Ruiz Pou, Goizane Pinedo, Jagoba Apaolaza, Zumai Olalde Saez de Uragain, Aitor Liguerzana, Bittor Gonzalez, Amaia Elkano, Garbiñe Urra, Itxaso Torregrosa, Oier Zuñiga Perez de Urabain eta Fermin Martinez.
2009ko sarekada hura
Gazte independentisten aurkako azkenaurreko sarekada 2009ko azaroaren 24an abiatu zuten Espainiako Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak, Fernando Grande Marlaskaren aginduetara. Goizaldean, 35 lagun atxilotu zituzten Hego Euskal Herrian, Segiko zuzendaritzako kideak zirela leporatuta. Egun hartan ez zen atxiloketarik izan Uribe Kostan.
Hurrengo hilabetean, abenduaren 18an, ordea, Xabi de la Maza Peña atxilotu zuen Espainiako Polizia Nazionalak Gorlizen, bere etxean. 21 urte zituen orduan De la Mazak. Aurreko sarekadaren harira "Xabierren izena epailearen autoan ageri zen, eta auzitegira aurkezteko asmoa zuen hori dela eta" azaldu zuen orduan Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Inkomunikazio egoera ezarri zioten de la Mazari eta kexka nagusitu zen senide, lagun eta auzokideen artean, "operazio horretan atxilotutako gazte gehienek tortura eta tratu txar ugari salatu" zituztelako. Ordutik, Gorlizen eta Plentzian atxiloketa salatzeko hainbat ekimen burutu zuten. Hiru egun beranduago, Marlaskak De la Maza espetxeratzea agindu zuen, Segi "erakunde terroristako kide" zelakoan.
Inkomunikazioa altxatu ostean, Xabierrek Poliziaren esku egondako egunetan "etengabeko mehatxuak eta irainak" jasan zituela salatu zuen. Bere gertukoek kontatu zutenez, inkomunikatuta igaro zituen hiru egun haietan "bere burua erruduntzat jotzea bilatzen zuten mehatxuez" aparte, gazteak "galdeketa ilegalak" jasan zituen. Gorlizetik Bilborako trasladoan, poliziek Sopelako hondartzara eramatearekin mehatxatu zutela salatu zuen, "bertan inor ez zegoelako eta berarekin nahi zutena egingo zutelako". Tortura salaketa horiek Alacanteko epaitegiaren aurrean berretsi zituen gazteak, 2010eko uztailaren 13an. Gainera, bera mehatxatu zuten agenteak identifikatu ahal izango zituela ziurtatu zuen gorliztarrak.
543 egun preso eta herritik ehunaka kilometrora eman ostean, eta senideek 30.000 euroko bermea ordainduta, 2011ko maiatzaren 28an kaleratu zuten Xabier de la Maza. Egun horretan egin zioten lehenengo harrera. Ekainaren 4an, berriz, ongi etorri ekitaldia egin zioten Gorlizko eta eskualdeko 200 auzotarrek baino gehiagok.
36 gazteri buruzko epaia (pdf)
4 gazteri buruzko epaia (pdf)