Pello Salaburu: "Poziktibityrekin triste"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko eka. 11a, 18:51

Pello Salaburu - Erabili.com] Gaizka Amondarain triste samar da poziktibityrekin, ez da happy. Ez du inor ere seduzitu nahi, ez du inor ere konbentzitu nahi. Horren beharrik ez du. Bere hizkuntza ibili nahi du, ez du bertze deusik nahi, horrekin aski du, gauza sinplea da gero. Karrikara atera, eta ikusten duen lehenbizikoarekin euskaraz egin, eta bigarrenarekin berdin, harekin ere euskaraz, honetaz eta hartaz, begira zein ederki. Eta euskaraz egin hirugarrenarekin, laugarrenarekin, milagarrenarekin eta gure inguruan bizi diren gainerako guziekin, berdin dela euskaraz ez badakite ere, denekin euskaraz xarmanki, hemengoekin, hemengo euskaldunekin, hemengo erdaldunekin eta hemendik pasatzen diren amerikar, errusiar eta japoniarrekin ere. Zer uste dute bada? Itzultzaile ibiltariak prestatzen ahal ditugu japoniarrei laguntzeko, hola lanpostu berriak sortuko genituzke, horren beharra ere badugu, eta denek euskaraz eginen genuke. Beha zein erraz konpontzen ahal ditugun gure kezkak. Horregatik sobran ditu Amondarainek, nonbait, Poziktibity bezalako kanpaina goibeltsuak. Baztarrikaren kabineteari, hala dio, bertze zerbait eskatzen dio gaur eta hemen. Hau borroka politikoa da, ez pentsa ergelkerietan ibiltzeko moduko zerbait den. Argazkian, Pello Salaburu, eskuinean, 2011ko irudian / © EHU.

Ordea, borroka politikoa dela errateaz gain ez dakit ongi ze ondorio praktiko ateratzen duen baieztapen horretatik: lege berriak egin behar ditugu? Zaharrak berritu? Ertzaintza jarriko dugu kamerekin eta erdaraz egiten duenari isuna jarri? Tabernetan sartuko gara eta erdaraz egiten duen orori txarteltxo bat paratuko diogu lepoan? Guk euskaraz egin eta si el otro sigue en español muturreko bat emanen diogu? Eta lege bat eginen dugu muturreko hori trankiltasunez emateko, ez bedi gerta bertzeak bertze bat handiagoa itzultzea? Ez, ez dakit ongi zer proposatzen duen praktikan.

Adibide bat ekarriko dut hona, joan den astean ikusia naizena paperean etzanez. Unibertsitatean sartzeko hauta probak egin dira berriki, eta milaka gazte etorri dira EHUko geletara azterketa horien egitera. Gehienek euskaraz egitea hautatu dute, beren borondatez, inork ere ez die behartu: %67k, ez da guti hori. Baztarrikaren aitzinetik bera dagoen toki berean egon direnek egin lanari esker gertatu da hori, neurri handi batean. Orain dela ez gehiegi –urteak lastertasun handian pasatzen dira–, horren erdira ere ez zen ailegatzen. Hori da hizkuntza lege eta araudiak egitearen emaitza aipagarrietako bat. Amondarainek arrazoia du. Borroka politikoaren ondorio naturala da hori. Borrokak legeak eskatu ditu, eta legeen aplikazioak jendea euskaldundu du. Baditugu euskaldunak. Azkeneko urteetan euskaldun gehiago sartzen da unibertsitatean. Aise gehiago. Arazoa, maila horretan, hortaz, konpondua.

Konpondua? Azterketek iraun duten hiru egun horietan, goizeko 9etatik arratsaldeko 7ak arte, milaka ikaslerekin gurutzatu naiz. Nire epaimahaian bakarrik 230 baino ikasle gehiago ziren, denak euskaldunak. Ondoko epaimahaian bertze horrenbertze, haiek ere denak euskaldunak. Eta haien ondokoan, gaineko aldean, eta beheitikoan, bertze horrenbertze. Denak euskaldun peto-petoak, euskaldun hutsak. Baina, nola diren gauzak, hemen punttu iluna: euskaldun haiek guziak erdaraz mintzo ziren. Ia salbuespenik gabe. Hori izan da nire esperientzia Leioan. Gerta liteke bertze epaimahai batzuetan, batez ere Gipuzkoan (pentsatu nahi dut), euskaraz aritzea. Ez, segurik, nik ikusi ditudanen artean. Bat edo bertze, aski guti, mintzo ziren euskaraz, bertze guziek nahiago zuten Cervantesen edo Rajoyen hizkuntzaren moldea. Makurrago oraino: lehenbiziko aldiz ikusi dut aurten, epaimahaietako kide batzuen artean ere erdaraz mintzo zirela anitzetan. Denak boluntarioak euskal azterketetan parte hartzeko, eta haiek ere erdaraz. Euskara ikasi nahi zuten erdaldunez ingurutarik izan gara urteetan; orain, ordea, erdaraz mintzo diren euskaldunek inguratzen gaituzte. Zer egiten dugu hor? Bada hori konpon dezakeen legerik? Hori bidera dezakeen Ertzaintzaren isunik?

Ez dakit nik nola konpontzen ahal den hori. Ez dakit nik zergatik ziren haiek erdaraz mintzo. Erosoago sentitzen zirelako, duda gabe. Ez dakit, egia errateko, zein den erosotasun horren arrazoia: ez dakite euskara aski? Ez die euskarak deus erraten? Bistan da, arrazoi bat dela, bertzea dela, ez dutela ikusten erakargarri euskara, bertzenaz nekez konprenitzen baita erosoa eta erakargarria den zerbait bazterrean utzi, eta hain erakargarria edo erosoa ez den bertze zerbait nahiago izatea. Ez dakit nik poziktibity hori kanpaina tristea edo alaia den, ez dakit jendea happy uzten duen, edo tristeziaz joa eta malkoak ezin xukatuz. Baina zerbaitetan ez dut inolako dudarik: hau ez da lege kontua bakarrik, edo isun kontua, edo "borroka politikoa" (borroka politikoa beti konprenitu izan den moduan) bakarrik. Bertze zerbait dugu gure aitzinean, ez dakit ikusi nahi dugun. Eta zerbait hori ikusteko gai ez bagara, zerbait horri erantzuteko gai ez bagara, beldur naiz hemendik urte batzuetara ez ote garen, usteketan, garai batean euskaldunak izan ziren hiritar erdaldunez bildurik biziko.

Nik ere nire hizkuntza ibili nahi dut, karrikara atera eta euskaraz aritu: “Egun on, zer diok?”. Baina, horretako, beldur, jendea konbentzitu beharko dugu, jendea seduzitu beharko dugu, poziktibityrekin edo nahi den bertze edozein kanpainarekin, ez diegu pistola bat paratuko kopetan. Aski gauza apalarekin errendituko nintzateke, honaino ailegaturik: alde batera utziko nituzke hemengo erdaldunak, amerikarrak, errusiarrak eta japoniarrak. Itzultzaile horiek ere ez nituzke kontratatuko. Konformatuko nintzateke euskaraz dakiten hemengoekin euskaraz mintzatzen. Etsiko nuke euskaldunak elkarren artean euskaraz ikus banitza. Hasteko, ez litzateke urrats ttikia izanen hori. Hori ez da, hala ere, ez Amondarainen esku, ez Baztarrikaren esku, ez nire esku. Hori uste dut.

Pello Salaburu hizkuntzalari, euskaltzain eta unibertsitate katedradunak atzo Erabili.com agerkarian argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun