Biharamuneko pilularik saltzen ez zuelako, Algortako Illeta kaleko Jimenez Sesma farmazia ondoan egin zuten kontzentrazioa zortzi neskek. Protestaldia iraun artean, esku-orriak banatu zituzten inguruan zebiltzan herritarren artean. Horretaz gain, pare bat sartu ziren botika-dendara biharamuneko pilulaz galdetzera. Lehenengoari "goizean amaitu" zitzaizkiola esan zion botikarietako batek, besteari galdetu ostean. "Ia biharko eskatzerik bazuten, baina biharko berandu izango zelakoan, beste farmazia batera joateko", azaldu zuten Uribe Kostako Koordinadora Feministako kideek. Nesken arabera, "kanpainaren jakitun zirelako" erantzun zuten horrela. Bigarren bat protestaren berri ematen saiatu zen. "Ez saltzeko eskubide osoa" dutela esan zion horri botikarietako batek. Neskak horretaz informatzen baino ari ez zirela erantzun zion, "horretarako eskubidea" badutela eta, behin hori jakinda, jendeak aukera dezala non erosi eta non ez.
Zortzi feminista eta lau ertzain
Pankarta batzear zirela, 19:00etan, Ertzaintzaren patruila bat agertu zen Sarrikobaso eta Illeta kaleen arteko bidegurutzean. Agenteetako bat nor edo nor identifikatzearekin tematuta zebilen eta neskak, bitartean, azalpen eske. Handik bost minutura agertutako beste patruila auto bateko agentea saiatu zen "bakea jartzen". Dei bat jaso zutela onartu zuen agenteak, seguru asko farmaziatik bertatik, baieztatu ez zuen arren.
"Espazioaren erabilera" zela eta horrek "komunikazioa" behar zuela gora eta behera, denbora batez iritzi elkartrukean aritu ostean, pankarta batu, eta gauzak zeuden bezala uzteko prest agertu zen "bitartekari" lanak egiten zebilen ertzaina. Hori bai, hurrengoetarako komunikatzeko esan zein feministei. Baina, neskak alde egiten ari zirela, farmaziara sartu zen agenteak "momentu batez itxaroteko", "frogagiri gisa bateren baten datuak" behar zituela bota zien. "Bitartekariak" ziurtatu zien neskei "salaketarik ez" zela, baina baten identitatea behar zuela, "zortziei DNIa eskatu behar ez izateko". Mesfidati, batek eman zuen DNIa.