Plentziatik igarotzen den BI-2122 errepidea hobetzeko lanak ahalik eta lasterren abiatzea eskatu diote Batzar Nagusiek Bizkaiko Foru Aldundiari. Herri Lan eta Garraio Batzordeak
aho batez onartu zuen atzoko bilkuran PSE-EEk aurkeztutako arauz besteko proposamena. Horrenbestez, Plentziako Udalarekin elkarlanean, aipatu errepidean bide-segurtasuna hobetzeko beharrezko neurriak lehen bai lehen hartzea agintzen zaio foru erakundeari. Behin baino gehiagotan ohartarazi dute Gatzamineko auzokideek inguru horretako arriskuez: bihurgune arriskutsuak, espaloirik gabeko errepide zatiak, norabide bakarrekoak, aparkatzeko toki falta... Hori gutxi balitz, Metro Bilbao, Bizkaibus eta taxi geralekuak daude bertan. Inguruko eskola, institutu eta haur-eskolako guraso eta langileek ere arriskuez ohartarazi dute behin baino gehiagotan. Sinadura bilketa eta erakundeei gutunak tartean, igande honetan (ekainak 15), 12:00etan,
kontzentrazioa izango da metro geltokiaren ondoan. Argazkian, Plentziako metro geltokia / cc-by Javier Mediavilla Ezquibela.