Gaur eguerditik aurrera EAJren Barrikako Uri Buru Batzarrak herriko lehenengo Alderdikide Eguna antolatuko du. Ekimena bertako batzokiaren aurrean burutuko dute, hurbilduko diren barrikoztarrek hamaiketako batez gozatu ahal izango dutela. Txorizoa sagardotan eta Idiazabal gazta izango dira, besteak beste. Mokaduarekin batera, jelkideek udal politikari buruzko proposamen, zalantza, kezka eta kexak adierazteko aukera emango diete hiritarrei. Izan ere, biharko ekitaldia auzokideentzako "topagunea" izatea nahi dute. Uri Buru Batzarreko kideek "Deia" egunkariari azaldu diotenez, inguruko udalerrietan Alderdikide Eguna era arrakastatsuan egiten zela ikusita pentsatu zuten Barrikara ekartzea, "herriari giroa eman eta barrikoztarrek herriko kontuez hitz egin eta esperientziak parteka ditzaten". Azpimarratu dutenez, hurbiltzeko ez da beharrezkoa alderdikoa izatea: "alderdiaren beraren zerbait egin nahi genuean, baina mundu guztiarentzat irekia, goza dezaten. Jendearengana hurbildu nahi dugu, haien kezkak ezagutu, zalantzak konta ditzaguten eta ez zaigu bururatu beste era hoberik". Era berean, datorren asteburuko jaietako giro aurrerakina izan nahi du gaurko egunak. Argazkian, Barrikako batzokia / © Barrikako EAJ.