Metro geltoki ingurua "seguru eta duina" egin dezatela exijitzeko asmoz, dozenaka herritar elkartu ziren atzo Plentzian,
Uribe FM irratiak zabaldu duenez. Azken urteetan itsas-hiribilduko "gune beltzetako bat" bilakatu da BI-2122 foru errepidea, oinezkoen hainbat harrapaketa ere izan direla. Behin baino gehiagotan ohartarazi dute Gatzamineko auzokideek inguru horretako arriskuez: bihurgune arriskutsuak, espaloirik gabeko errepide zatiak, norabide bakarrekoak, aparkatzeko toki falta... Metro geltokia bertan egoteaz gain, Bizkaibus eta eskola-autobusak igarotzen dira handik, eta taxi geralekua ere badago. Ume, guraso eta gazteek ohiko bidea dute haur-eskola, eskola eta institutura joateko. Hori gutxi balitz, Uribe FM irratiak ohartarazi duenez, aurki hasiko dituzte trenbidea konpontzeko hainbat lan. Eta ondorioz, Metro Bilbaok autobusak jarri beharko ditu geltokiraino, trafikoa areagotuz.
Plentziako foru errepidean segurtasuna bermatzea eskatu zioten Batzar Nagusiek Bizkaiko Foru Aldundiari, joan den ostegunean. Argazkian, Plentziako metro geltokia / cc-by Javier Mediavilla Ezquibela.