Joan den ostegunean ohiko ordutegia aldatu zuten Algortako Fadura kiroldegiko kanpoko igerilekuek, udako denboraldikoa izatera pasatzeko. Hala, hiru hilabetez (irailaren 14ra arte), igerileku olinpikoa asteko egun guztietan erabili ahal izango da 08:00etatik 21:30era eta kanpoko gainerako guneak –berdeguneak, zabuak eta umeen igerilekuak– 10:00etatik 21:30ak arte. Igerilekuetako erabiltzaileek kafetegiko zerbitzua astelehenetik ostiralera, 12:00etatik 20:00etara, izango dute eskura (asteburuetan eta jaiegunetan 11:00etatik 20:30era). Ostegunean ere Torresoloko kanpoko igerilekuak zabaldu zituen Leioako Udalak. Aurten, gainera,
berrikuntzak izango dira herritarrei kirolgunera sartzea errazteko: txartel bakarra, Torresolon bazkidetzea, sarreren salmenta eta
erreserbak / informazioa on-line. Bitartean, Sopelako auzoak metro geltoki eta hondartzekin lotzen duen autobusak, udako ordutegia du atzotik (ekainak 15) aurrera. Irailaren 15era arte, Sopelbusak maiztasun berriak ditu. Aurten ere ordutegia jarraia izango da: autobusa martxan egongo da 07:00etatik 20:00ak arte, eguerdian atseden hartu barik. Bidai bakoitzak 0,70 euroko kostua izango du, baina 10 bidaiako bonoa erosteko aukera egongo da 5 euroren truke. Argazkian, Sopelbus / ©
Sopelako Udala.