Andoni Ortuzar EAJko EBBren presidentea Plentzian izan zen pasa den ostegunean, egungo egoera politikoari buruz hitz egiteko. Plentziako Uri Buru Batzarrak bertako batzokian antolatutako hitzaldia "bikaina eta giro paregabekoa" izan zen, jelkideen arabera. Besteak beste, Europako Legebiltzarrerako egindako azken hauteskundeetan izandako aldaketen hausnarketa egin zuen Ortuzarrek, bai Euskal Herriari dagokionez eta baita Estatu espainol mailan ere. Azken atal horretan, Pablo Iglesias telebista aurkezlea zerrendaburu izan duen Podemos / Ahal Dugu alderdiaren agerpena izan zuen hizpide, PPk eta PSOEk izandako jaitsiera handiekin batera. Ortuzarrek erabilitako grafikoetan Iglesiasen argazki baten ondoan nabarmen irakur zitekeenez, "telebistako erradikalak indartsu agertu dira". Bestalde, EBBren presidenteak auzokideekin egon eta entzutera animatu zituen Uri Buru Batzarreko kideak, entzuleek zabaldu dutenez. Argazkian, hitzaldiko une bat / © Plentziako EAJ.