Horretaz gain, jai parekideak gura dituzte. "Emakumeen parte-hartzea jaietako ekimen guztietan bultzatuko da. Halaber, jai batzordeak lan egingo du jai-eremuan inolako eraso sexistarik eman ez dadin", azaldu dutenez. Halaber, euskararen erabilera bultzatuko da jaietako ekintzetan, "Zapia lepoan eta euskara ahoan!" leloari helduz.
Herri-bazkarian 400 baietz!
Aurtengo jaiek hainbat berritasun izango dituzte. Besteak beste, umeek herriko jaietako antolakuntzan parte hartzeko aukera izan dute. Antolatutako “ametsetako jaiak marraztuz” saioarekin, haien ideia erakargarriak zeintzuk diren ezagutzeko eta gauzatzeko aukera izan dute. Ildo horretan, labirintoa, hondartzen jokoa, umeek egindako lorategia, disko-festa, buruhandiak egiteko tailerra, kalejira, kanpaldi familiarra ipuin kontalari eta guzti, izango dira.
Beste alde batetik, iaz Sopelako herri-bazkarian 300 pertsona elkartu ziren,. Aurten erronka 400 elkartzea da. Menu berezia egongo da umeentzat, eta ludoteka zerbitzua. Txartelak salgai daude jada Sopelako turismo bulegoan eta Laiak tabernan. Auzokideek etxetik eraman beharko dute edalontzia eta sardexka.
Koadrila jaitsiera dagokionez, Sopelako jaietako osagai nagusietako bat izango da (aurten txosnetatik udaletxe plazaraino, bertan egingo dute dantza). "Lehen gazteek gauez joaten ziren jaietara, gaur egun, ordea, egun osoko jaiak dira!", azaldu dute antolatzaileek.
Aurten, gainera, jai batzordeak ahalegin berezia egin du Larrabasterrako jaiak indartzeko. Bigarren urtez itsasoko izakien kalejira egingo dute: "marrazoak, surflariak, arrantzaleak, olagarroak, karramarroak... hartu zuen mozorroa!".
Elizako kanpaiak joz
Horrez gain, bestelako ikuskizunak ere egongo dira. Falcons de Vilafranca taldea Penedes eskualdetik helduko da, kataluniar kultura bultzatuz.
Gainera, ekainaren 28an 14:00etan kanpaiak jo eta bolanderak jaurtiko dira. Izan ere, jai batzordeko kideen hitzetan, "kanpaien hotsak komunikazio tresna itzela izan dira mendeetan zehar". Sopelan ere, sopeloztarrei mezu desberdinak helarazteko erabili izan ohi dira, adibidez, herriko jaiak iragartzeko. Horrela, ohitura zahar hori berreskuratzeko asmoz, aurten, San Pedro bezperan, bolanderak botatzearekin batera, elizako kanpaiak joko dira bost minututan zehar.
Bestalde, ohi den legez jaietan izen handiko musika-taldeak eta talde lokalak egongo dira. Sopelan: Estricalla, Akatz, Trikizio, Makulu Ken, Last Fair Odi, Urrats, Deal, Mac Onak, Dingos & Flamingos, Melmak eta Luhartz. Larrabasterran, berriz, Willis Drumond, Niña Coyote y Chico Tornado, Arcada Social, New York Ska Jazz eta Arma Masiva taldeek joko dute.
Azkenik, Sopelako Jai Batzordeak sopeloztarrak eta bisitariak jaiez gozatzera gonbidatu ditu, beti ere auzokideak errespetatuz.
Sopelako jaien egitaraua (pdf)
Jaietako iragarki mundiala