ETB2k igande gauean estreinatu zuen “
Cuadrilla busca cita” telebista saioak zalaparta eragin du. #ETBnEdukiSexistarikEz traola azken 24 orduetako erabiliena izan da euskaraz Twitter sare sozialean,
Argia.com webguneak zabaldu duenez. Neska eta mutil talde bana etxe batean sartu zituzten lehen kapituluan. Bigarren hori Sopelako koadrila bat. Helburua, mutil taldean bikoterik ez daukan bakarrarentzat nobia bilatzea. Horretarako, neskek banaka mutilen aurrean beren burua aurkeztu behar izan zuten. Programaren ikusmolde sexistak eta zenbait parte hartzailek esandakoek ikusle askoren marra gorriak gainditu zituzten. Ildo berean, "sexista" delakoan, saioa kentzeko eskatu dio
EH Bilduk ETBri. Lur Etxeberria koalizioko ordezkariak salatu duenez, "entretenimendu eta dibertsioaren aitzakia pean, balore eta estereotipo sexistak zabaltzen ari dira telebista kate publikoan". "Gizonezkoen gustuei men eginez, merkantzia hutsa bailiran aurkezten ari zaizkigu emakumeak", kritikatu du Etxeberriak. EH Bilduk "narritagarri" eta "salagarritzat" jo du, "telebista publikoak guztion diruarekin horrelako saioak zabaltzeak". Koalizio soberanistak saioari buruzko galdera zuzendu zion orain bi aste EiTBko zuzendariari. Argazkian, Sopelako bi emakume gazte eraso sexisten kontrako pankarta alboan, artxiboko irudian.