Lemoizko Udalak horrela eskatuta, Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailburuordea eta Unai Andraka alkatea bildu dira gaur arratsaldean Gernikako komisarian. Isolatuta dauden etxeetan lapurretak, pertsona zaharrei iruzurrak eta gasaren edo argiaren ikuskari faltsuen presentzia lirateke inguru horretan ematen diren deliturik ohikoenak, Ertzaintzaren arduradunek egindako analisiaren arabera. Bileraren eta elkarlanerako akordioaren helburuetan azpimarratu dute "ekintza-plan bat" prestatzeko beharra dagoela, "delinkuentzia datuak murriztera eta auzokideei segurtasun-sentsazio handiagoa ematera zuzenduta dagoena, batez ere isolatutako etxe edo zonaldeetan bizi direnei". Segurtasun Sailak zabaldu duenez, martxan jarriko diren lehenengo ekintzak "norbere babeserako neurrien kanpaina" bati dagozkio; biztanleek eurek har ditzakete neurriok. Udalaren zerbitzuen bitartez gidatuko da kanpaina, eta Ertzaintzaren patruila gehiago egongo dira zonaldean. Gernikako ertzain-etxean egin dute batzarra Lemoiz udalerria mugape horri dagoelako atxikita. Argazkian, Unai Andraka Lemoizko alkatea, ezkerrean, gaurko batzarrean / ©
Segurtasun Saila.