Bizkaiko feministek salatu dutenez, "munduko hainbat lekutan indarrean dauden legeek emakumeei ematen diete tratu krudela. Legegileentzat inkubagailu hutsak gara, ukatu egiten baitigute gure gorputzaren eta bizitzaren inguruan erabakitzeko eskubidea. Horixe da, hain zuzen ere, El Salvadorren gertatzen ari dena, eta gauza bera inposatu nahi digute PPko Madrilgo Gobernuak, aukera askearen aurkako taldeek eta elizak, legea eraldatuz".
El Salvadorren espetxeratutako 17 emakume horien gehiengoa txiroa da, Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Bizkaiko Plataformak gogoratu duenez: "ez dute izan informazio eta babes sozial nahikorik, ez desiatu gabeko haurdunaldia eteteko, ezta desiatu arren, zaildu zaien haurdunaldiari aurre egiteko ere. Han zein hemen, legeak izugarri klasistak dira, emakumeei erabakitzeko eskubidea ukatzen baitie, baina bereziki, baliabiderik gabekoak zigortzen dituztelako". Emakume horien gehienek obstetrizia arazoak izan zituzten haurdunaldiko momenturen batean eta osasun zentroetara laguntza eske joan ziren, "odolusten ari zirelako". Ospitaletara heltzean, denuntziatu egin zituzten, prozesatu eta erailketa larriagatik zigortu zituzten, abortu naturalak pairatzeagatik.
Egoera horren aurrean eta defentsa judizialetarako beste bide guztiak agortuta, El Salvadorreko erakunde feministek eta Abortuaren Despenalizaziorako Talde Herritarrak 17 emakumeentzako indultu eskaera aurkeztu zituzten pasa den apirilaren 1ean. Gerora, nazioartera zabaldu da kanpaina, tartean Euskal Herrira. Bitartean, Nazio Batuen Erakundearen Giza, Kultur eta Ekonomia Eskubideen Batzordeak onartu du El Salvadorrek darabilen abortuaren erabateko zigortzea giza eskubideen aurkakoa dela, besteak beste osasunerako eskubidea urratzen duelako.
Era berean, "traumaren eta erruaren" mitoarekin bukatzera deitu dute Bizkaiko feministek, abortatu duten emakume guztiak traumatizaturik bizi direnik ukatuta: "argi utzi behar dugu trauma abortua praktikatzeko baldintza eskasek eta emakumeengan sortzen dituzten ondorio izugarriek sortzen dutela, alegia, kartzelak eta heriotzak".