San Juan gauean gazteei alkohola konfiskatzen arituko da Polizia Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko eka. 18a, 18:30

Datorren astelehenean, hilak 23, udako solstizioa eta San Juan gaua ospatzen direla eta, Getxoko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak "prebentziozko zerbitzua" egingo dute. Udal iturriek zehaztu dutenez, badaezpadako neurri horiek barne bilduko dute "18 urtetik beherakoei edari alkoholikoak edukitzea galaraztea", hots, "adingabekoak identifikatu, edari alkoholikoak kendu eta gurasoei abisatzea". Horretaz gain, adingabekoei alkohola saltzea ere ekidingo dute. Gogoratu dutenez, adinez txikikoei alkohola ematea edo saltzea debekatuta dago eta 3.005 euroko isuna ekar dezake, drogamenpekotasunetan prebentzio, laguntza eta gizarteratzea arautzen dituen ekainaren 25eko 18/1998 Legearen arabera. Polizia-taldeak udalerriko hainbat lekutan ibiliko dira, batez ere, hondartzetatik gertuen dauden tokietan. Getxoko Udal Gobernuaren iritziz, Poliziaren hedatze horren helburua "istiluak saihestu eta herritarrei arazorik ez sortzea" da. Argazkian, Arrigunaga hondartzan milaka gazte biltzen ohi dira udako solstizioan / © Getxo.net.

Alkoholaren bila ez ezik, patruilak baimenik gabeko suteen bila ere ibiliko dira, horiek kentzeko eta sute kontrolatua pizten deneko aldea ere bereziki zainduko dute, izan litezkeen istripuak ekiditeko. Aurreko urteetan bezala, inguruetan Ertzaintza arduratuko da hiritarren segurtasunaz.
Beste behin, Getxoko Udalak gomendatu du hondartzetara balioko ezer edota sakelako telefonorik ez eramatea eta eramatekotan, banakako segurtasun neurri pasiboak areagotu behar direla, eramandako gauzak uneoro kontrolpean edukiz.

Aparteko garbiketa antolamendua

Ingurumen Arlokoek aparteko jarduna ere aginduko dute, hondartzan zein horien inguruko kaleak garbitzeko lanak egingo baitituzte. Hondartzak ahalik eta arinen zabaldu eta egoera onean egon daitezen lan egingo dute, herritarrek erabil ditzaten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun