Euskal Errepublika aldarrikatuko dute bihar Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko eka. 18a, 19:57

Bihar, osteguna, Felipe VI Espainiako errege eta Bizkaiko jaunaren koroatze ekitaldia hasiko da Madrilen goizeko 10:30ean. Hori dela eta, Sopelako Udal Gobernuko ordezkariek kontzentrazioa egingo dute bertako udaletxearen aurrean, 12:00etatik 12:15ak arte, ikurrinak eta nafar ikurrak eskuetan hartuta, Euskal Errepublika aldarrikatzeko. Euskal Herria Bildu koalizioak osatzen duen Sopelako Udal Gobernuak dei egin die auzokideei kontzentrazioan parte har dezaten, eta ikurrinak edo Nafarroako banderak etxetik ekar ditzaten. Sopelan ez ezik, Euskal Herrian hainbat mobilizazio izango dira, bai Euskal Errepublikaren alde; baita Espainiako III Errepublika aukeratzeko erreferenduma aldarrikatzeko ere. Besteak beste, Bilbon goizeko 12etan udaletxean eta 20:30ean Uribitarte kaian ekitaldia antolatu du EH Bilduk. Hiribildu bereko Arriaga plazatik, baina 20:00etan, "Monarkiari ez, hiritarrek erabaki" lelopeko manifestazioa abiatuko da, EH Bildu, Ezker Anitza-IU, Ahal Dugu (Podemos), Equo, Iratzarri-EKI, Alternativa Republicana, Antikapitalistak, Circulo Republicano, Colectivo Republicano de Euskal Herria, Gazte Komunistak, GKB, Goldatu, Ikasle Ekintza eta URE Orduña taldeek deituta. Argazkian, Felipe Borboikoa AEBko eta Espainiako armadek Afganistango gerra simulatzeko 2012an batera egindako maniobretan / cc-by-nc Wayne Marotto teniente koronela - AEBko Armada.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun