Jose Madariaga Marin Barrikako egungo alkate jeltzaleak ez duenez hauteskundeetan errepikatuko, EAJren Uri Buru Batzarrak beste hautagai bat aukeratu du, gehiengo osoz.
Gaur "Deia" egunkariak zabaldu duenez, hurrengo alkategai jeltzalea Roberto Muñoz Garcia izango da, barne hauteskundeetan parte hartu duen hautagai bakarra. Muñozek 44 urte ditu eta Psikologian lizentziatua da. Barrikako udaletxea ondo ezagutzen du barrutik, izan ere, 2003an eta 2007an zinegotzi aukeratu zuten, Jose Maria eta Juan Jose Ezpeleta alkateekin, hurrenez hurren. 2011n, hiribilduko familia jeltzalea banatu zenean, Muñozek ez zuen parte hartu zerrendetan, ez ordura arte alkateorde izandako Madariagak zuzentzen zuen hautagaitza jeltzalean ezta Ezpeleta alkateak sortutako Barrikako independenteenean ere. Gauzak horrela, Madariagak boto bakar batengatik irabazi zion Bildu koalizioari. Muñozentzat "oso erronka garrantzitsua da EAJk Barrikako Alkatetza ostera ere lortzea". Bere asmoa "Barrikak aurreratzen eta auzotar guztion onerako hobetzen jarraitzea" da. Berea kudeaketa ona litzatekeela agindu du: "oinarrizko kontua da", adierazi du. Argazkian, Roberto Muñoz / © "Deia" egunkaria.