Eskualdeko bertsolaritzari buruz arituko da gaur Fredi Paya

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko eka. 19a, 18:47

Udako oporrak hartu aurretik, ikasturteko azken saioa egingo du gaur, osteguna, Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoak. Gauzak horrela, Fredi Paya bertsolari algortarra gonbidatu dute, Labayru Ikastegiarekin batera egindako "Uribe Kostako Bertsolaritza (1900 – 1980)” liburuaz solas dadin. Hitzordua 19:30ean jarri dute, Villamonteko kultur etxean, Algortan. Aipatu lana eskualdeko bertsolaritzaren historia, herriz-herri, ezagutzeko aproposa da. Inguruko bertsolaritzaren ezaugarriak azaldu eta bertsolari garrantzitsuenen biografiak biltzen ditu. 2013ko apirilaren 13an aurkeztu zuten jendaurrean, liburuaren egilea eta sustatzaileak bertan zirela, bertsolari eta liburuaren protagonisten senideekin batera. Argazkian, Fredi Paya bertsolari algortarra, artxiboko irudian / cc-by-nc-nd Bizkaiko Bertsozale Elkartea - UKBERRI.NET.

Fredi Payak ekitaldian azpimarratu zuenez, “gure helburua balioan jartzea izan da, erakustea eskualdean nahiz eta euskarak atzerakada handia eduki (gauza batzuk gertatu ziren, bertsolari batzuk erderaz edo elebidunez abesten zuten..), baina demostratu nahi izan dugu, edo behintzat batu, duela 15 urte Unai Elorriaga eta biok ez ginela basamortuko loreak (elkarrizketa titular batean agertu bezala), lur emankor batean jaiotakoak ginela. Hemen bertsolariak egon direla eta bertsolari horiek garrantzi handia eduki dutela, guretzako behintzat”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun